Hotzak Europan hildakoak 200 baino gehiago dira jadanik. Siberiako hotzaldia Europako erdialdean eta hego-ekialdean ari da izaten eragin handiena, eta atzo bertan beste zazpi pertsona hil ziren. Ukrainan ari dira jasaten hotzaldiaren gogorrena: ehun lagun baino gehiago hil dira han iragan asteko ostiralaz geroztik. Polonian eta Errumanian ere arazo handiak ari dira izaten, eta, orain, Europako erdialdera egiten ari da hotza. Tenperaturak zeropetik 35 graduraino heltzen ari dira.
Etxerik gabeko pertsonak ziren hildako asko. Hori gertatu da Ukrainan, adibidez, Nikolai Azarov lehen ministroak azaldu duenez. Errumanian, 300 etxegabe baino gehiago eraman zituzte sorosleek gizarte etxeetara, eta kalean kanpamentuak jartzen ari dira, aterpe emateko. 150 pertsona artatu behar izan dituzte osasun zerbitzuek, hotzak erasanda zeudelako. Gasarekin arazoak izaten hasi dira inguru haietan, kontsumoa asko igo baita.
Hotza Europa erdialdera eta hegoaldera egiten ari da, eta arazoak eragiten. Hungarian, adibidez, sei pertsona hil dira, eta iragarpenek diote elurra erruz egingo duela eta tenperatura —22ºC-koa izango dela, inguru haietan ohikoa ez bada ere. Austrian, hiru lagun badira hilak, eta berogailuekin arazoak izaten ari dira. Italian, autorik ez hartzeko eskatu dute agintariek, eta Belgikan auto ezbehar handiak izan dira. Frantzian, atzoz geroztik alertan daude hiru departamendutik bi. Hotzaldiak segitu egingo duela iragarri dute.
Hotzak gogor jotzen segitzen du Europan, eta 200 lagunetik gora hil dira jadanik
Gogorren Ukrainan jo du hotzaldiak, eta ehun lagun baino gehiago hil ditu; etxerik gabeko pertsonak ziren asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu