Koronabirusa

Huanchacon harrapatuta

Irati Lozano zumaiarra Peruko Huanchaco hirian dago. Lima hiriburua du helburu, handik etxera itzuli ahal izateko. Ez du, ordea, Espainiako enbaxadaren erantzunik jaso bideari ekin ahal izateko.

Limako errepideak, hutsik. SERGIO URDAY / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko apirilaren 1a
18:34
Entzun

Ugari dira koronabirusaren krisiak Hego Amerikan harrapatu dituen euskal herritarrak. Horietako bat da Irati Lozano (Zumaia, Gipuzkoa, 1995). Perura joan zen unibertsitateko praktikak egitera, EHUrekin. Praktikaldia amaituta, maiatzaren amaierara arte kontinente hartan jarraitzeko asmoa zuen, baina ahalik eta bizkorren itzultzeko beharrezkoa egiten ari da orain: “Ezin dut itxaron Euskal Herrian bizi den egoera hona iritsi arte”. Bien bitartean, ordea, boluntario lanak egiten ari da, eta ostatu batean igarotzen ditu gauak.

Peruko Gobernua eskualdeko aurrenetakoa izan zen neurriak hartzen. Martxoaren 15ean, Hego Euskal Herrian konfinamendua ezarri zen egun berean, mugak itxi zituzten han, eta orain etxeratze agindua dute ezarrita, 16:00etatik aurrera.

“Ongi nago, beharrezko guztia daukat, baina Limara iristeko erraztasunak ematea behar dut. Handik irtengo da, segur aski, etxera itzultzeko hegazkina”, adierazi du Lozanok. Izan ere, Huanchacon, Peruko ipar mendebaldeko kostaldean, harrapatu dute COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurriek. Beraz, Huachacotik Trujillora -probintziako hiriburua- bidaiatu behar du, eta handik Limara, nazioarteko hegaldi bat hartu ahal izateko. 

Gauzak horrela, Espainiako enbaxadarekin harremanetan jarri zela azaldu du Lozanok, “lehenbailehen Euskal Herrira itzultzeko”. Enbaxadaren erantzunik ez du jaso, ordea: “Oraingoz dakidana da turista bezala erregistratuta nagoela, baina ez dut inongo laguntzarik jaso”. Adierazi du erantzunik ezaren ondorioz hainbat tramite betetzeko beharrezko paperak bete gabe geratu dela, eta horren eraginez ezin izan duela azken egunetan irtendako hegazkinetako bat hartu.

Hori guztia bere kabuz egiten saiatu den arren, etxera deitzeko erabakia hartu zuen aste hasieran, Euskal Herritik ere “arazoari aurre egiten” laguntzeko. Familiak Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiteko aukera izan du, eta Lozanok kanpoan den euskal komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarezen deia jaso du gaur Lozanok: “Esan dit haiek lagunduko didatela beharrezko dokumentuak tramitatzen”.

Izan ere, Perun egoera Euskal Herrian bezain larria ez den arren -1.065 kasu baieztatu dira orain arte, eta 30 lagun hil-, ingurukoak euren herrialdeetara itzultzen hasiak direla nabarmendu du Lozanok, baina berak berdin segitu duela: “Inguruan dauden turistak pixkanaka joaten ari dira. Horiek ez dira nik bete beharreko tramite horiek guztiak egiten ari. Euren herrialdeetako gobernuek egin dituzte”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.