Human Rights Watch (Giza Eskubideen Behatokia) erakundeak Parisko gobernua salatu du gaur, "terrorismoaren kontrako borrokan" giza eskubideak urratzen dituela nabarmenduta.
HRWk kaleratutako txostenak dioenez, Poliziak modu prebentiboan atxilotutakoak "denbora luzez" atxikitzen ditu, eta "abusu fisikoak pairatu dituztenen salaketa sinesgarriak" jaso dituela azaldu du.
"Sistema judizial eta kriminalean dagoen berme egokien gabeziak giza eskubideen legearen alde okerrean jartzen du Frantzia", dio gobernuz kanpoko erakundeak.
Frantziako legerian ageri den helburu terroristak dituen gaizkileen elkartearen delitua delakoa "ia frogarik gabe" jende andana atxilotu ahal izateko erabili izana ere salatzen du HRWek. Akusazio hori modu zabal eta malguan erabili izanak "froga zirkunstantzialetan oinarritutako zigorrak" eragin dituela nabarmendu du.
"Terrorista" izateaz susmagarri direnak sei egunez atxiki ditzake Frantziako Poliziak, eta hiru egunetako galdeketaren ondoren soilik ikus ditzakete beren abokatuak, eta 30 minutuz soilik.
Human Rights Watchek hainbat lagun elkarrizketatu ditu, eta hauengandik, "ondo dokumentatuta", jakin du zer-nolako gehiegikeriak jasan dituzten. Atxilotu horien hitzetan, "loa galarazi", eta "psikologikoki presioa egin" diete poliziek.
Giza eskubideen aldeko taldeak ohartarazi duenez, muturreko islamismoaren kontrako borrokan halako "gehiegikeriak" egiteak musulmanak "urrundu" ditzake, "baita "norbanakoak erradikalizatu, eta legezko nahiz segurtasun arloko indarrekiko konfiantza gutxitu ere".
Horrez gain, txostenak kritikatu du askotan susmagarrien aurkako akusazioak beste estatu batzuek helarazitako informazioetan oinarritzen dituela Frantziak. "Horrek bidezko epaiketarako akusatuak duen eskubideari kalte egiten dio, ezin izaten baitu modu egokian frogen iturria auzitan jarri". Beste estatu horietan "torturak eta tratu txarrak eguneroko ogia" izan daitezkeela gogoratzen du HRWk, eta, beraz, ez dela zilegi modu horretan lortutako ustezko frogak erabili.
Euskal Herria
Human Rights Watchen esanetan, Frantziak atxilotuen giza eskubideak urratzen ditu
Atxilotze prebentiboaren iraupen handia eta tratu txarren salaketak dakartza gaur Giza Eskubideen Behatokiak argitara eman duen txostenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu