Hurrengo astean hasiko dituzte 'Euskal Y'-aren Bizkaiko lanak

Galdakao-Basauri zatia hasteko prest dutela esan du Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Cabiecesek

inaki petxarroman
2008ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Araba eta Gipuzkoaren ostean, Bizkaiari heldu zaio ordua. AHT abiadura handiko trenaren lanak datorren astean abiatuko dituzte herrialde horretan, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak atzo jakinarazi zuenez.

Hilabete batzuetako atzerapenaren ostean -lurren desjabetzeekin izan dituzten arazoek behartuta, batik bat-, hilaren 30ean ekingo diete Galdakao-Basauri zatiaren lanei.

Galdakao eta Basauri arteko zatiak 3,5 kilometro ditu, eta 28 hilabete dituzte eraikitzeko. 438 metro zubibidean doaz, 367 lur gainean, eta gainerako guztia tunel batean. Aurrekontua 68 milioi eurokoa da, guztira, eta behin-behineko enpresa talde batek egingo du.

Bizkaianabiatuta, Euskal Y-aren egitasmoko lanak martxan izango dira Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Araban 2006ko udazkenean hasi ziren, eta Arratzua-Ubarrundia-Legutio zatian ari dira. Gipuzkoan, apirilean hasi zituzten, Ordizia-Itsasondo zatian. Jakina denez, Espainiako Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat egin zuten lan hauen ardura elkarbanatzeko. Gipuzkoako lan gehienak (Ezkio-Itsasotik Irunera) Jaurlaritzaren ardurapean geratu dira, eta gainerako guztia, Sustapen Ministerioaren esku.

Mikel Cabiecesek azpimarratu zuen azpiegitura zaila dela eraikitzeko, ibilbide menditsua dela eta. Alabaina, atzoko iragarpena herritarrentzako «albiste ontzat» jo zuen: «Gero eta gertuago dago azpiegitura hau baliatu ahal izango dugun eguna».



«INORK EZ DU ERAIKITZEA GALARAZIKO». Iñaki Cabiecesek nabarmendu du Espainiako Gobernuak azpiegituraren alde apustu egiten duela. Ildo horretatik, 4.200 milioi euroko aurrekontua aipatu du: «Ekonomia geldotzen ari den garaian, horrelako inbertsio batek garrantzi handia du. Aukera emango digu zuzeneko aberastasuna eta enplegua sortzeko hurrengo lauzpabost urteotan».

Behin eraikita dagoenean ekonomian izango duen garrantzia nabarmendu du, gainera, Cabiecesek: «Proiektu hau garraio arloko Guggenheim da. Haren eragina museoak izan duenaren parekoa izango da».

Alabaina, onartu du azpiegituraren aurkakoak ere badirela. Horren harira, bitarteko baketsuak erabiltzen dituztenen jarrera «errespetatzen» duela adierazi du. ETAri oharra egin dio, ordea: «Inork ez du galaraziko indarraren bidez edo legez kanpoko ekintzen bidez azpiegitura hau eraikitzea».

Hala, Cabiecesek Espainiako Gobernuaren babesa helarazi die azpiegitura honetan lanean hasi diren enpresei, eta ziurtatu du gizarteak apustu egiten duela, «gehiengoz», haren alde. «Ez dago dudarik egingo dugula eta euskal herritarrok gozatu ahal izango dugula urte batzuen buruan». Duela bi aste hartu zuen Cabiecesek kargu berria, eta atzokoa izan zuen AHTri buruz hitz egiteko lehen agerraldia.



«Garraio arloko Guggenheim da proiektua. Haren eragina museoak izan duenaren parekoa izango da»

«Inork ez du galaraziko indarraren bidez edo legez kanpoko ekintzen bidez azpiegitura hau eraikitzea»

mikel cabieces
eSPAINIAKO gOBERNUKO EAE-ko ordezkaria




GeLDITOUr

Gaur, Basaurin. AHTren lanek izango duten eraginaz herritarrak informatzeko Cortestik Donostiara egiten ari diren martxa Galdakaon eta Basaurin dabil egunotan. Atzo Galdakaon izan zen, eta gaur Basaurin izango da. Hain zuzen ere, bi herri horien artean hasiko dira Bizkaiko lanak, datorren astean.





Ordiziako Lurraneken bulegoa 'desjabetu' dute

AHTri buruz herritarrei informazioa ematen dien Eusko Jaurlaritzaren bulegoa itxiarazi dute
erredakzioa

Donostia

Baserritarren azoka aprobetxatuz, abiadura handiko trenaren aurkako ekintza egin zuten hainbat lagunek atzo Ordizian (Gipuzkoa). Hainzuzen ere, azpiegiturari buruz herritarrei informazioa emateko Eusko Jaurlaritzak zabaldutako bulegoa itxiarazi zuten. Ekintza egileek jakinarazi zutenez, obra egiten ari direnek lurretan egiten duten bera egin zuten atzo bulegoarekin: «desjabetu eta porlanaz zikindu».

Bulego barruan porlana botatzen zuten bitartean, kanpoaldean beste batzuek informazioa banatu zieten herritarrei, eta pankarta handi bat zabaldu zuten.

Ekintza egin zutenek agiri baten bidez adierazi zutenez, «Lurranek Bulegoa Lur Lapurretak lau sosen truke nekazari lurrak batzuen interesetarako lortzeko tresna besterik ez da».

Informazioa emateko partez «desinformazio eta engainu» bulego bat besterik ez dela salatu zuten AHTren aurkako ekintzaileek.

Lurraneken lana salatzeaz gain, Ordiziako Udalarena ere kritikatu zuten, eta «txikizioaren konplizetzat» jo zuten. AHTren aurkakoek salatu zuten hasi dituztela AHTren lanak Goierrin, eta «ama lurra bortxatu» eta «porlanezko paisaiak» sortzen ari direla garapenaren izenean.

AHTren aurka aritzeko, ekintza zuzena aldarrikatu zuten, eta horrelako ekimen asko egingo dituztela jakinarazi zuten.

Bestetik, bihar iluntzean elkarretaratzeak egingo dituzte Goierriko herrietan AHTren lanen aurka. Igandean, berriz, martxa egingo dute Ordiziako lanetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.