Politika

Hurrengo hilabeteetan "bakea eta normalizazio politikoa" lortzeko bidea irekiko dela uste du Ibarretxek

Datozen hilabeteak euskal politikagintzan "erabakigarriak" izango direla adierazi du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, "bakea eta normalizazio politikorako akordioa" erdiesteko aukera zabalduko dela. Nolanahi ere, helburu horiek lortzeko euskal gizarteak herri galdeketaren bidez etorkizunerako zein proiektu nahi duen erabakitzea ezinbestekoa dela iritzi dio, eta, beraz, Espainiako Gobernuari eskatu dio Eusko Legebiltzarraren erabakiak errespeta ditzala. Era berean, PPk, PSE-EEk eta Batasunak euskal gizartearen erabakiari beldurra diotela esan du. Bilbon egin ditu adierazpen horiek, Aste Nagusiko ekitaldi instituzionalen harian.

2004ko abuztuaren 18a
16:00
Entzun
"Hurrengo hilabeteak, ziur aski,euskal demokraziak bizi izan dituen garrantzitsuenetakoak izango dira. Ikuspuntu politikotik erabakigarriak, azken urteetako liluragarrienak , debate bizi eta ilusionagarri bat tartean dela, eta, gainera bakea eta normalizazio politikorako akordioa lortzeko aukera zabaldu da", esan du Ibarretxek.

Jaurlaritzaren Estatutu proposamenaren eztabaidaren ildotik ('Ibarretxeren Plana' ere esaten zaio) bere bizitzan aurreneko aldiz "herri hau bakean eta askatasunean" ikusteko esperantza duela nabarmendu du, eta "Euskadi eta Espainiaren arteko akordio adeitsu bat" lortzekoa, "hori baita euskal gizartearen egungo premia nagusia".

Ildo horretatik, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espaniako presidente sozialistaren Gobernuari eskatu dio errespeta dezala Eusko Legebiltzarraren borondatea: "Ez badute Eusko Legebiltzarraren borondatea onartzen ez da irtenbide ez konponbiderik egongo", ohartarazi du.

PPrentzat, PSE-EErentzat eta Batasunarentzat ere izan ditu kritikak lehendakariak: zehazki, euskal gizarteak erabakitzeko aukera izateak hiru alderdi horiei beldurra ematen diela esan du.

Hala ere, kritika gogorrenak ETAri egin dizkio. Kantabrian eta Santadarren egin berri dituen atentatuen ildotik erakunde armatu hori "itsu eta gor" dagoela adierazi du Ibarretxek, eta ondorioz ez duela euskal gizarteak exijitzen diona ikusten eta entzuten."ETA soberan dago eta enbarazu egiten du. Nahi duguna izango gara euskaldunak, baina bakean eta askatasunean".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.