Departamenduko bozak

Hustuz doazenak edukiz betetzen

Mendialdea kantonamendu berriko sei hautagaik martxoko departamenduko bozak izan dituzte aipagai Urdiñarben. Ipar Euskal Herriko euskal hedabideek antolatu dute mahai ingurua; tartean da Ipar Euskal Herriko Hitza. Bozak martxoaren 22an lehen itzulian eta 29an bigarrenean egingo dira. Bideoa: atzoko mahai ingurua (Euskal hedabideak).

maddi ane txoperena iribarren
2015eko martxoaren 5a
16:20
Entzun

Hustuz doa mendia, eta hustuz doaz departamenduak. Biztanlez eta zerbitzuz lehenbizikoa, bigarrena eskumenez. Baina Ipar Euskal Herriko euskal hedabideek jendez eta edukiz bete zituzten atzo biak, Urdiñarbeko (Zuberoa) Herriko Gelan antolaturiko mahai inguruan. Martxoaren 22an eta 29an eginen diren departamenduko bozei begira eginen dituzten hiru eztabaida publikoetako lehenbizikoa izan zen atzokoa. Mendialdeko kantonamendu berrian aurkeztu diren bikoteetako ordezkari banak hartu zuten parte eztabaidan, norberak berearen defentsan. UMPko Olivier Carasco, EH Baiko Leonie Agergarai, ezker independenteko Jacqueline Sardon, eskuineko Pepela Mirande, EAJko Itxaro Bethart eta Ezkerreko Fronteko Pierre Etxekopar jarri ziren mahaian. Departamenduko kontseilari izanez gero eginen lituzketen proposamenak zehaztu zituzten, Pantxika Maitia eta Jojo Bidarten gidaritzapean.

LURRALDE ANTOLAKETA

Lurraldearen banaketa aldatzen ari da Frantzian eta Ipar Euskal Herrian ere, eta lehen zantzua da kantonamendu berrien mapa. Mendialdeko kantonamenduak, erraterako, lehengo Garazi, Atharratze, Maule eta Baigorriko kantonamenduak biltzen ditu orain. Zuberoa ia osoa eta Baxenabarreko zati bat daude bertan: 66 herri eta 25.500 biztanle inguru. Lurralde erreforma orokorrari buruz desadostasunak izan arren, gehienek egin zuten bat Baxenabarre eta Zuberoa elkartzeari buruz, antzekotasunak dituztela. Hala azaldu zuen, erraterako, Bethartek: «Baxenabarre eta Zuberoan puntu komunak ditugu, eta ohitura dugu elkarrekin lan egiteko». Hauteskundeek bertze aldaketa batzuk ere ekarri dituzte, eta parekidetasunaren inguruan, hordagoa bota zuen Sardonek: «Hautagai bikote parekideei esker, behingoz emakumeek ahotsa izanen dute historikoki maskulinoa izan den ingurune batean». Alderdi sozialistaren aurkako hautagaiek oposizioa egiteko baliatu zuten parada, bertzeak bertze, lurralde erreformak zentzurik ez duela eta herritarrei galdegin gabe egin dela salatzeko.

GIZARTE ARLOA

Zaharrentzat eta behar bereziak dituzten pertsonentzat doa departamenduko aurrekontuaren zatirik handiena, eta horren inguruan mintzatu ziren Etxekopar, Mirande eta Sardon. Etxekopar ezkertiarrak zahartzaroaren inguruan egin zuen gogoeta: «Zahartzeak ez luke antsia iturri izan behar. Horretarako, ordea, geure burua prestatu behar dugu eta horren araberako politikak egin». Miranderen kudeaketa ere kritikatu zuen, kontseilari izana baita, baina honek oroitarazi zuen azken lau urteetan sozialistak izan direla boterean, eta hori ezin dela ahantzi. Sostengua familietan bilatzea proposatu zuen.

Gazteak eta familien eskumenak ere baditu departamenduak, eta tartean haurtzaindegiak, kolegioak eta garraioak izan zituzten aipagai hautagaiek. Agergarai abertzaleak, erraterako, formakuntzari garrantzia emateaz hitz egin zuen, eta tartean, Baionan unibertsitate indartsu bat izateaz. Enpleguarekin lotu zuten, nolanahi ere, gazteen alorra gehienek. Biak estu loturik daudela azaldu zuen Carascok: «Gazteak mendialdean mantendu nahi baldin baditugu, lana behar da, eta, horretarako, ekonomia garatu». Zerbitzuen galera ere ekarri zuten batzuek mahai gainera. Posta eta osagarri zerbitzuak, erraterako, eskualdetik kentzen ari direla, baina lurraldearen garapenerako beharrezkoak direla. Agergarairen hitzetan, medikurik gabe «ez da bizirik».

GARAPEN EKONOMIKOA

Ekonomiaren eskumena departamenduak seguruenik galduko duen arren, garrantzia eman zioten hautagaiek, gizartearen zein garapenaren beraren atalean. Enplegua mantendu behar dela azaleratu zuten, eta tartean, laborantza. Hain zuzen, mendialdea laborari ugariko eskualdea baita, eta horixe ekarri zuen gogora Mirandek, ingurumenarekin lotuz. «4.500 laborari dira Ipar Euskal Herrian eta mendialdean 3.000. Horiek zaintzen dituzte mendiak ere. Ez baldin baditugu atxikitzen, ingurugiroa zer?». Agergaraik EHLGrekin egin zuen lotura: «Izugarrizko xantza dugu Laborantza Ganbera bezalako egitura bat izatea». Sardonek, bertzalde, eskualdean dauden proiektu batzuk txalotu zituen, adibidez, egurra lantzen duen Sugarai. Turismoa garatu beharraz ere mintzatu zen. Mauleko hotelaren galera izan zuen ahotan, kasurako.

IPAR EUSKAL HERRIA

Prefetak Ipar Euskal Herriarentzako proposamen bat egin zuen ekainean: herri elkargo bakar batean biltzea herri guziak. Hautagai gehienak izan ziren horren aldekoak, baina zehaztu zuten eskumenak zein diren argitu beharko dela. Etxekoparrek, ordea, aurkako iritzia erakutsi zuen, ezkutatu gabe. «Aldarrikapen nazionalistei lotuta dago herri elkargoa, baina errealitateari begira ez da egokia. Ezberdintasunak daude Ipar Euskal Herriko eskualde batetik bertzera».

Euskarari buruz ere eman zuten iritzia, publikoko norbaitek galdera eginik. Mahai inguruan zehar frantsesez arituriko batzuek irriz erran zuten hurrengorako itzultzailerik gabe aritzen ahalko direla. Bethartek elkargoaren gaia eta hizkuntzarena lotu zituen: «Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoa beharrezkoa da eta euskara ofiziala izatea ere bai». Giro beroan agurtuta, hurrengo aldirako jarri dute hitzordua: Urruñako (Lapurdi) Posta gelan eginen da heldu den mahai ingurua, astelehenean, 19:00etan hasita, Hendaiako kantonamenduko hautagaiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.