Nafarroako Gobernuaren izenean "hutsak aitortu" eta "barkamena" eskatu du gaur Juan Luis Sanchez de Muniain gobernuko bozeramaileak, eta gaineratu du Nafarroako Kutxako Erakunde Fundatzaileen Batzarrean eginiko bilera bikoitzak eta hirukoitzak ez zirela egin behar.
"Informazio hauek guztiek iritzi publikoan sortu duten ezinegona partekatu" egiten du Nafarroako Gobernuak, Sanchez de Muniainen hitzetan. Erantsi du gobernua neurriak hartzen ari dela "gertatu behar ez ziren gauzak zuzentzeko". Haren esanetan, "hala aitortu zuen gobernuko presidenteak; akatsa aitortu zuen, barkamena eskatu zuen". Ohartarazi du neurri gisara Nafarroako Kutxako Erakunde Fundatzaileen Batzarra desagerrarazi zuela gobernuak.
Nafarroako Kutxako administrazio organoetan izateagatik jasotako dirua itzuliko ote duen galdetuta, Sanchez de Muniainek argitu du berak ez zuela parte hartu Erakunde Fundatzaileen Batzarrean. Batzar horretako bilerengatik jasotako dietez, berriz, esan du "sistema okerra" zela eta gobernuak "zuzendu" egin duela.