Maite Bilbao (Euskadiko Emakume Alargunen Elkarteen Federazioko presidentea)

"Hutsaren hurrengo jo da emakumea; gizona alboan ez bazuen, are gehiago"

Birritan geratu zen alargun, eta seme-alabengan topatu zuen aurrera egiteko indarra. Laudioko alargunen elkarteko eta Fevi elkarteen federazioko presidentea da egun, eta alargunen batasuna aldarrikatzen du bizi duten bazterketa borrokatzeko. 

Maite Bilbao. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Ainhoa Sarasola.
2013ko azaroaren 17a
17:06
Entzun

Seme-alaben argazkiak harro erakusten ditu Maite Bilbaok (Laudio, 1954). Arkitektura ikasketen azken proiektua aurkeztu du alabak, eta maketa baten alboan ageri da, nebarekin batera. Hark ere lanpostu ona duela dio, harro. Poz hori handiagoa da igaro dituenak igarota, gazte geratu baitzen alargun Bilbao, eta bakarrik atera baititu biak aurrera. Eta poztasunez beteta ikusi du seme-alabek bere ahalegina aitortu eta eskertu diotela. "Hau da gogobetetzen nauena, honengatik egin dut aurrera". Haiek eman diote indarra, eta baita beste emakume alargunekin elkarlanean aritzeak ere. Laudioko alargunen elkarteko eta Fevi Euskadiko Emakume Alargunen Elkarteen Federazioko presidentea da, sinetsita baitago jasaten duten egoerari aurre egiteko alargunek bat egitea dela bidea. Batasun hori erakutsiko dute Durangon gaur elkartuko diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alargunek.

Gazterik geratu zinen alargun, 38 urterekin. Kolpe gogorra izango zen.

Oso gogorra, kolpe emozional izugarri gogorra izan zen. Emozionalki bat-batean zeure burua ikusten duzu bi seme-alaba txikirekin, bikotekidea galdu duzula, oso gaztea zarela, bera ere gazte hil dela eta hori ezinezkoa iruditzen zitzaizula, eta gainera, egoera ekonomikoa…

Egoera zailean geratuko zinen alde horretatik ere, bi haurrekin...

Bai, 9 eta 14 urteko seme-alabekin, eta bakarrik. Bat-batean guztiari bakarrik aurre egin beharrean zaude, eta egoera ekonomiko oso prekarioan. Pentsa dezakezu duela hogei urte zer pentsio geratzen zitzaizun… oso baxua.

Oposizioak prestatzen ari zinen orduan, baina uko egin behar izan zenion profesionalki bide hori jorratzeari, ezta?

Bai, nik urtetan mertzeria bat izan nuen Laudion. Uholde batzuen ondorioz, dena galdu nuen, eta gero berriro zabaldu nuen; baina gauzak ez ziren ongi joan, eta erabaki nuen negozioa ixtea eta oposizio batzuk prestatzea. Egoera onean bizi nintzen bikotekidearekin; hain onean, non etxeko lanak elkarrekin partekatzen genituen, eta hori orduan ez zen batere ohikoa. Ni arratsaldez Bilbora joaten nintzen, oposizioak prestatzera. Izatez, lehenago ere aurkeztua nintzen, eta Gizarte Segurantzakoetan sartzeko zorian izan nintzen. Gasteizen sei hileko kontratua egin zidaten, lehena geratu bainintzen erreserbako zerrendan, eta gero, Diputazioan aritu nintzen beste tarte batez. Baina, noski, bikotekidea falta zitzaidan unetik, eta aurrera egiteko babesa hori izanik —bai ekonomikoa, bai pertsonala haurrak harekin uzteko—, bada... ahaztu, jada ezin izan nuen jarraitu, ikasteari utzi behar izan nion, eta lan merkatuan sartzea beste erremediorik ez nuen izan.

Non topatu zenuen aurrera egiteko indarra?

Seme-alabengan, haiek ematen dizute indarra. Orain, duten adina eta egoera ikusita, pentsatzen dut… chapeau !, izugarrizko sakrifizioa egin dudalako, baina orain dauden lekuan daude. Pentsa, niri ez zitzaidan inoiz burutik pasatu izan suizidioarena, eta izan ziren une batzuk… Bosgarren solairu batean bizi nintzen, eta hain harreman ona nuen bikotekidearekin, hain izan zen gogorra kolpea, balkoian nengoela batzuetan pentsatu izan nuela "behera botako banintz orain, dena amaitu eta sufritzeari utziko nioke". Baina automatikoki seme-alabak datozkizu burura; haiek zer egingo dute aita falta zaiela ni ere falta banatzaie? Horrek eman dit indarra aurrera egiteko, borrokatzeko, haiek unibertsitate ikasketak egin ahal izateko...

Eta zure inguruan, familian, lagunartean... babesik izan al zenuen?

Bai, familia handia gara, oso batuta gaude, eta babes handia topatu nuen familian. Eta lagunen artean ere bai; baditut bi lagun min, 15 urte genituenetik lagunak garenak, eta haien aldetik ere babes handia izan dut.

Eta instituzioen aldetik?

Ez, [kopeta zimurtuz]. Instituzioen aldetik inoiz ere ez. Emakume alargunok orain pixkanaka ari gara aurrerapen txikiak lortzen, baina minimoak dira. Hori orain, pentsa duela 20 urte: emakumea gizonik gabe hutsaren hurrengoa zen; gizonaren presentziarik gabe ez zuen batere balio; ez zuen erabakimenik; etxebizitza bat erostean, senarraren izenean jartzen zen; kontu korronte bat irekiz gero, senarraren izenean izan behar zuen… Instituzioen aldetik inoiz ez dut babesik jaso, emakumea ez delako inoiz kontuan hartua izan; hutsaren hurrengotzat jo da, eta gizona alboan ez bazuen, are eta gehiago.

Gizartean emakumea maiz ikusezina bada, alargunak are eta ikusezinago, beraz…

Askoz ere gehiago, emakumea norbaiten emazte gisa hartua izan baita; hori izan da erreferentzia, eta, beraz, gizonaren erreferentziarik gabe, emakume alarguna ez da kontuan hartzen gizartean; instituzioen aurrean ez du ezertarako balio.

Senarra hiltzean, zure lan egoera ere asko aldatu behar izan zenuen.

Bai, senarra hil ostean, Bilbotik, diputaziotik deitu zidaten opor egun batzuk ordezkatzeko. Gero lau urtez aritu nintzen han. Urte haiek oso ongi etorri zitzaizkidan; ekonomikoki ez ezik, pertsonalki ere behar nuen hura, baina amaitzean, jada ez nengoen lan poltsan, ezin izan nuen beste oposizio batzuetara aurkeztu. Beraz, senarra hiltzean, une mingarriez gain, garai zailak ere pasatu izan genituen ekonomikoki.

Zertan aritu izan zara lanean orduz geroztik?

Adinekoak zaintzen aritu nintzen Bilbon, eta azken bederatzi urteetan Laudion, familia batean haurrak zaintzen.

Gainera, zu birritan geratu zinen alargun, ezta?

Bai, birritan. Senarra hil eta hamar urtera, beste pertsona batekin ezkondu nintzen: oso ona zen, seme-alabek oso ongi hartu zuten, senarraren familiarekin ere primeran… eta zortzi hilabetera, senarrari tumore terminal bat diagnostikatu zioten, eta zer eginik ez zegoela esan. Berriro geratu nintzen alargun. Oso gogorra izan zen, biak minbiziarekin hil baizitzaizkidan. Orain gutxi galdetu zidaten ea ez nuen berriro ezkontzea pentsatzen, gaztea nintzela oraindik, eta nik erantzun ezetz, beldur handia dudala, oso gaizki pasatu baitut. Orain alargunen alde lan egiteak betetzen du nire denbora. Sei urte daramatzat horretan. Orain lan egiteari utzi nahi diot, nahikoa egin dut bizi osoan! Baina elkartean eta federazioan bai jarraitu beharko dut, lan handia baitago egiteko.

Lehen aldiz alargundu eta gutxira ezagutu zenuen Avillo, Laudioko alargunen elkartea. Nola izan zenuen haren berri?

Bai, ni 1993an geratu nintzen alargun, eta 94an sortu zen elkartea. Presidente izango zenak asko ezagutzen ninduen, eta asmoaren berri eman zidan, jendea behar zutela eta. Nik ordu asko ematen nituen lanean, seme-alabak txikiak ziren, eta ezinezkoa nuen elkartera joatea. Beraz, bazkide gisa hasieratik nabil, baina ezin izan dut lan egitera sartu duela zortzi bat urtera arte, goizez soilik lanean hasi eta seme-alabak jada helduxeagoak zirenean. Orduan bai, haiengana jo eta galdetu nien zertan lagun nezakeen, eta presidentea zenak erantzun zidan: "Guztirako behar zaitugu, Maite". Hala hasi nintzen, eta sei hilabetera, federazioko presidente izendatu ninduten; nik nahi ez, baina konbentzitu ninduten...

Zertarako sortu ziren elkarteak?

Elkarteak beti sortu izan dira emakume alargunen babeserako; esan bezala, emakumeak beti bizi izan baitira gizonen itzalpean, eta alargun geratzean erabat babesgabe geratu izan baitira; gazteek seme-alaba gazteak dituztelako eta haiek aurrera ateratzeak eramaten dituelako aurrera; baina zaharragoek, seme-alabak ezkonduak dituztenek, eta non mugitu ez dutenek... zeren orain aukera handiak daude, kultur etxeak-eta, baina duela 30-40 urte ez zeuden. Babes pertsonala, psikologikoa emateko sortu ziren elkarteak, baita ere laguntzeko hainbat gauza tramitatzen-eta.

Informazio falta dago alargunen artean, adibidez laguntzak eta halakoak eskatzeari begira?

Handia. Esaterako, 2008an, EAJren aurreko gobernuarekin, zerbait garrantzitsua onartu zen: pentsioen osagarria; lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik zegoen pentsioa zuen emakume alargun orok laguntza hori eska zezakeen. Baina zer gertatzen da? Ez dizutela automatikoki ematen; zuk jakin behar duzu existitzen dela, eta eskatu. Eta ez badago elkarterik laguntzeko... Hirietan beste pertsona batzuen bidez agian jakin dezakezu, baina nekazaritza inguruetan nola jakin dezakete alargunek zein laguntza ematen dituzten? Inor ez zaizu etxera joango hau edo bestea eskatzerik baduzula esatera. Nik, adibidez, une batean aukera izan nuen familia karga zuten amentzako osagarria lortzeko, mundutxo hartan nenbilenez ezagutzen nuelako eta eskatu egin nuelako, baina ez zitzaidan inor etorri informatzera; ez banu eskatu, inork ez lidake emango. Hori bai, berehala kentzen dizute; semea lanean hasi eta bi hilabetera kendu zidaten, eta bi hilabeteak itzularazi. Bestalde, emakume alargunok ez dugu langabezia subsidiorik; hau da, langabezia saria baduzu, baina hori bukatzean subsidioa izaten da, eta niri 21 hilabete zegozkidan, baina alargun pentsio bat izanik, ez dizute ematen. Hori injustizia izugarria da.

Babes juridikoaz eta aholkularitzaz gain, elkarturik aritzeak babes afektiboa ere emango dizue...

Babes psikologikoa bai, zeren nork ulertuko du hobeto emakume alargun bat ez bada beste emakume alargun batek? Beste inork ez. Administrazioari diru mordo bat aurrezten diogu psikologo lanak egiten. Alarguntzean emakumea galduta sentitzen da. Dolua pasatu egin behar da, bost-bat hilabete horiek ez dizkizu inork kentzen, baina gero, atera egin behar duzu, eta orduan hasten zara gertatu denaz jabetzen. Depresio batean eror zintezke, eta hortik ateratzen laguntzen dizu beste emakume alargun batzuekin egoteak. Badira erretiratuen elkarteak, adibidez, baina haiek ez zaituzte beste emakume alargun batek bezala ulertuko.

Hainbatetan, adineko pertsonen artean, erretiratuen elkarteetan kasurako, alargunak baztertzen dituztela esan izan duzu. Zergatik gertatzen da hori?

Hala da. Senar-emazteak elkarrekin joan ohi dira erretiratuen elkarteetara, baina alarguna bakarrik dago. Ez dute guk bezala ulertuko, baina gainera, senarraren erreferentzia falta duenez, badirudi jada ez duela batere balio.

Baina, oro har, pentsa zein baztertuak gauden: adineko bikote batean emakumea hiltzen bada, gizonak pentsio osoa jasotzen jarraituko du, baina gizona hiltzen bada, emakumea %52rekin uzten dute. Zergatik? Jotzen dutelako gizona izan dela lanean aritu dena, kotizatzen. Baina nire senarrari kotizatzeko fabrikan kendu dioten dirua da unitate familiarrera iritsi ez den diru kopuru bat; beraz, unitate familiar osoak kotizatu du horretarako, ez soilik senarrak. Hemen bi rol izan baitira: gizonak kanpoan egin du lan, eta emakumeak, etxean; nik funtzio bat dut, eta zuk, beste bat, eta zuri kentzen dizutena niri ere kentzen didate, familia unitate osoari. Pentsaera aldatu eta hori onartu ezean… baina ez dute onartuko, ez dituztelako emakumeak aintzat hartzen. Lanean bertan jada ematen da-eta diskriminazioa, postuetan, soldatetan… enpresa berean! Eta erretiratzean, nork izango du bada pentsio hobea?

Nolakoa da egun emakume alargun baten egunerokoa? Zein baldintzatan bizi da egungo pentsioekin?

Dirua asko iraunaraziz; esaterako, ogi barra bat erosiz hiruzpalau egunerako; edo sobratu zaidan arroz honekin bihar zopa bat eginez, besterik ez dudalako; edota erretiratuen elkartera joanez; edo arratsaldeko seietan ohera sartuz hotza egiten duenean, etxean berogailua pizteko ez baitzait iristen… Adibidez, nire gurasoak zaharrak dira, aitak urteak daramatza erretiratuta eta pentsio baxua du. Aita hiltzen bada, nire ama ez da ezta gutxieneko soldatara iritsiko. Uste duzu etxeko gastuak erdira jaitsiko direla? Inolaz ere ez. Komunitateko gastuak, gasa, argia... gastu berak izango dira, baina berari %48 kentzen diote.

Nola eragingo die pentsioen erreformak alargunen egunerokoari?

Asko, zeren, begira… [haserretzen ari da] Jenio txarreko jartzen naiz halakoak entzuten ditudanean, irentsarazi nahi baitigute pozik egon behar dugula, gainera, ez dituztelako pentsioak murriztuko, gutxienez 0,25 izango dugulako… Baina jaunok! 0,25 eman behar badiguzue eta KPIa urtero %2 inguru igotzen ari bada, aurten 1,75 galtzen ari naiz eta!

Elkarturik egin nahi diozue aurre.

Noski. Pentsionistak Martxan taldearekin ari gara aztertzen ea borroka hau elkarrekin egin dezakegun; nahiz ez duten zer ikusirik pentsiodun batek eta alargun batek, biok gara pentsiodun, eta borrokatu beharko dugu. Haiek mobilizazioetan gu emakume alargun gisa agertzea nahi dute, ez beste pentsiodun baten moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.