Familiaren agurra

«Hutsune handia uzten diguzu, baina gurekin jarraituko duzula badakigu»

Joan Mari Torrealdairen alabak aitari zuzendutako agurra irakurri du, senideen izenean. Hark utzitako azken hitzak ere irakurri ditu: «Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, eta baita euskal kultura eta gizarte mailan ere; ezin hobea izan dut bizitza eta eskertua nago guztiz».

Torrealdairi eginiko omenaldia, Usurbilen. GORKA RUBIO, FOKU
2020ko abuztuaren 3a
20:21
Entzun

«Familiaren ardatz, hutsune handia uzten diguzu, baina gurekin jarraituko duzula badakigu, gu zaintzen, gure bidelagun». Joan Mari Torrealdairen alaba Garazi Torrealdai Gorritik aita omentzeko hitz batzuk izan ditu haren hiletan. Aitaren partetik mezu bat ere bidali die inguratutakoei: «Bakean joan naiz familiaz inguratuta, bizitzak eman didan guztiari eskertua».

Senideek Joan Mari Torrealdairenganako zuten maitasun sentimendua adierazi nahi izan du haren alabak: «Bihotz-bihotzez maite zaitugu». Torrealdai «lasai» joan dela adierazi du, baina amaierara arte «borroka» eginda, «zuk bakarrik dakizun bezala». Hark utzitako ondarea ere azpimarratu du: «Zailtasunen aurrean adorea erakutsi izan duzu beti. Zurekin ikasi dugu adore hitzaren esanahia zein den, kemena, talde lana».

Torrealdai lanean aritu da amaierara arte, eta hala gogoratu nahi izan dute. Aitaz, eta hark erakutsitako balioez, «harro» daudela nabarmenduta: «Harro, pertsona hobeak egin gaituzulako. Zortekoak gu, senar eta aita gisa izan zaitugulako; zenbat zor diogun bizitzari zutaz gozatzeko aukera emateagatik. Ohore bat izan da, aita».

Joan Mari Torrealdaik utzitako hitz batzuk ere helarazi ditu. Hauek dira, osorik, Torrealdaik utzitako azken hitzak, bere alabaren ahotik: «Bakean joan naiz familiaz inguratuta, bizitzak eman didan guztiari eskertua. Ezin izan zaituztet guztiok banan-banan agurtu, baina badakit ulertu eta barkatuko nauzuela. Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, eta baita euskal kultura eta gizarte mailan ere; ezin hobea izan dut bizitza eta eskertua nago guztiz. Eta, nola ez, nire eskerrik beroenak Beatrizi, amari, azken urteetan nire ondoan tinko eta gogor eutsi dion emakume ausartari. Bera gabe nola jarraitu aurrera... Nire ardatza, emazte bikaina. Bizitza zor dizut».

Hiletara gerturatu direnentzat, eta «gure aitaren bizitzan egon zareten guztiontzat» ere, esker hitzak izan ditu Garazi Torrealdaik, «aitari eman diozuen bizitza zoragarri honengatik». «Beti egongo da gu guztion bihotzetan», amaitu dute: «Bihotzez maite zaitugu eta ez adiorik, aita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.