Hunkitu egiten du horrenbeste jende ikusi eta horrenbesteko isiltasuna entzuteak. Hutsunea eragiten du. Luzaro egon dira zutik, geldi, isilik, burumakur Iñigo Cabacas Lizeranzuren lagunak Basauriko Arizgoiti plazan. Elkarren ondoan estu, eta jendetzak inguratuta. Lagunaren omenezko ordu laurdeneko elkarretaratzea iragarria zuten, eta ia ordu erdi iraun du; ezin handik mugitu, ezin isiltasuna hautsi, ezin agur esan.
Lau pankarta jarri dituzte plazaren aurrealdean: Pitu, zure lagunek ez zaituzte sekula ahaztuko zioen, gaztelaniaz, Cabacasen argazkia zuen pankarta handiak. Zu izandakoa gurekin geratzen da. Beti gurekin. Gogoan zaitugu, euskaraz, txikiago batek. Elkarretaratzerako hautatutako leloa zuen hirugarrenak: Iñigo 'Pitu' beti gurekin. Ez dago eskubiderik. Laugarrenak, Pitu. Justizia. Gogoan zaitugu.
Isilaldia hasterako, hitza hartu dute Cabacasen lagunek. Jasotzen ari diren «elkartasuna, babesa eta maitasuna» eskertu, hamabost minutuko «erabateko isiltasuna» eskatu, eta «Iñigo, maite zaitugu» esanda itzuli da lagunartera hitza hartu duen neska.
Txalo zaparrada lehertu da 15. minutuan. Elkarretaratzearen erdigunean egon diren lagunek krabelin eta larrosa gorri eta zuriak eskaini dizkiote Cabacasi. Loreak argazkiaren ondoan uzterakoan, goxo laztandu dute argazki handia batzuek, muxu eman beste batzuek. Kandelak piztu dituzte ondoren, eta une horietan lehertu dira malkoak. Bigarren txalo zaparradarekin saiatu dira isilunea amaitzen. Geldi jarraitu du plazak. Iluntzeko ia bederatzietan, hirugarren zaparradarekin amaitu dute ekitaldia.
Elkartasuna atzerritik
Cabacasen senide eta lagunei bidalitako elkartasun mezuek ez dute etenik. Mugarik ere ez. Alemaniako Muller-Dani talde athleticzaleak «gertaera tamalgarriak» eragindako «tragediak» sortutako mina agertu du. Baita Cabacas zauritu zuten egunean Athleticen aurka aritu zen Alemaniako Schalke 04 futbol taldearen zaleak biltzen dituen Morsbach elkarteak ere. Bi taldeen ordezkariak samina adieraztera Bilbora etorriko direla jakinarazi dute, eta Athleticen peñek antolatuta bihar 16:30ean Moyua plazatik abiatuko den martxa isilean parte hartuko dutela.
Bartzelonan, Stop Bales de Goma taldeak elkarretaratzea antolatu du iganderako, senideei elkartasuna adierazi, peñek antolatutako mobilizazioarekin bat egin, eta gomazko piloten erabilera salatzeko.
Atxilotuak askatu egin dituzte
Cabacas zauritu zuten gertaerak izan aurretik borroka batean parte hartu izana egotzita Ertzaintzak asteazkenean Bilbon eta Abadiñon atxilotu zituen bi gazteak aske utzi dituzte, epailearen aurrean deklaratu ondoren. Lesioak eragitea leporatu diete ertzainek.
Hutsunea, lepo zegoen plazan
Isiltasun gordinak eta jendetzak bete dute Basauriko Arizgoiti plaza, Cabacasen omenez haren lagunek antolatutako elkarretaratze hunkigarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu