Katalunia

I-27ko bozen ondoren, hemezortzi hilabeteko epea Kataluniaren independentziarako

CDCk eta ERCk akordioa egin dute, eta irailaren 27ko hauteskundeak plebiszitarioak izango diren zalantzarik ezin dela utzi adostu dute.

2015eko martxoaren 30a
07:25
Entzun

Astelehen arratsean adostu dute testua, eta ANC Biltzar Nazional Katalanak eman du bi alderdien arteko akordioaren berri. Omnium Cultural eta Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteak ere babestu dute akordio hori. ANCren esanetan, alderdi horiek CUPeko eta MESeko kideekin hizketan ari dira, babesa zabaltzeko asmoz.

Gaur aurkeztu duten dokumentua izango da Artur Mas Kataluniako presidenteak bozetara deitzeko erabiliko duen testua. Orain bi aste CDCk eta ERCk egin zuten aurreakordioaren jarraipena da, izatez. Baina testuak baditu zehaztapen berriak, epeei dagokionez batez ere.

Esaterako, testuak jasotzen du irailaren 27ko bozak pasatu eta hamar hilabeteko epea edukiko dutela Kataluniako Konstituzioa egiteko. Prozesu eratzaile eta parte hartzaile izan beharko dela ere zehazten du dokumentuak. Horrekin batera, "estatu berria aldarrikatzeko", independentzia adierazpen bat egin beharko dute.

Orduan hasiko da estatu berri hori sortzeko prozesua, eta hemezortzi hilabeteren buruan, "gehienez ere", bukatu beharko du. Espainiako eta nazioarteko instituzioekin negoziazioak hasiko dituzte adierazpen horren ostean, betiere gaur adostutako dokumentuaren arabera.

Horrekin batera, estatu berriaren egiturak abian jarri beharko lituzkete, CDCk eta ERCk adostutakoaren arabera. Ogasuna, Gizarte Segurantza, justizia, gizarte eta osasun zerbitzuak, kanpo politika eta energia azpiegiturak aipatu dituzte, besteak beste.

Urrats horiek eginda, galdeketa egingo lukete, herritarrek konstituzio berriari buruz erbakitzeko. Baiezkoa nagusituko balitz, independentzia gauzatuko litzateke, eta parlamentu berria osatzeko hauteskundeak egingo lituzkete. Emandako epeen arabera, 2017ko martxoa da independentziarako berandueneko data.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.