26. Lilatoia

Ia 4.000 emakumek parte hartu dute Lilatoian

Aiora Jaka izan da lehena. Aurten, lehendabizikoz, Club Athletico San Sebastianek antolatu du Donostiako 26. Lilatoia, emakumeen herri lasterketa.

K Saioa Alkaiza(h)
2015eko martxoaren 1a
12:23
Entzun

26. Lilatoi lasterketa izan da igande goizean Donostian. Aiora Jaka helmugaratu da lehena, eta haren atzetik izena eman duten 3.870 emakumeetako asko heldu dira.

Korrikalari askok urteak daramatzate irteten; beste batzuek, berriz, aurreneko aldia izan dute. Donostiako erdialdean bost kilometro egin dituzte lasterka, kaleak hartu eta kirolean aukera berdintasuna aldarrikatzeko asmoz.

«Lagunak animatu ziren, eta plan ona iruditu zitzaidan, ideia polita». 23 urte dauzka Maria Uria zestoarrak. Futbolean aritu izan da, eta spinning egiten du azkenaldian. Haatik, korrika egitea ez da haren zaletasunetako bat. Lilatoia, baina, pizgarria izan da, kuadrillakoekin batera elkartu eta momentu atseginak pasatzeko aitzakia. «Lagun batek esan zigun oso giro ona egoten dela, eta konbentzitu egin gintuen». Zazpi adiskide inguru batu ziren aurrena, eta batzuek atzera egin badute ere, azkenean lauk eman dute izena. Herrian bertan entrenatu dira, «baina ez espresuki Lilatoirako». Ohikoak dauzkate korrika saioak; oraingoan, pixka bat luzatu baino ez dituzte egin, probari begira findu. Izan ere, «goiz-pasa polita» egin nahi dute, «lagun artean ondo pasatzeagatik».

Pertsona adina motibo

Eta ez da Uria giroak bultzatuta apuntatu den bakarra. Topagune berezia dela aipatu du Lurdes Ubillos pasaitarrak ere: «Ni tonto-tonto hasi nintzen, baina lasterketa eder askoa da». Uriak bezalaxe, inguruko kuadrilla batekin ekin zion entrenatzeari, berotzeko. Era horretan elkartu zen Ogi Berri Azkuene triatloi taldearekin. «Lagunak presio eginda aurkeztuko naiz...», bota du, txantxa tonuan. Eta ez da kasualitatea. Funtsean, kide asko batera joango direlako egin du lehenengo urratsa.

Ubillosen taldekidea da Paula Moradu. Bera ere gogotsu dago. Aurretik lehiaketa batean aritu zen, baina ez da ibili Lilatoiaren gisako jardueretan. Gaztea da, eta ziur da Lilatoiak «zerbait berri» eman ahal diola. «Esperimentatzeko nator, ikusteko». Urduri ez dagoela dioen arren, mugitua dauka barneko harra: «Nerbioak ez dira karreraren ondorioz, bilduko den jendetzarengatik dira». Ubillos, berriz, lasai dago. «Patxadako nago, baina nik uste ez naizela oso kontziente».

Moradu kirolzalea da oso, eta proba kirol errutinaren parte da harentzat. «Gorputza biziberritzeko egiten dut korrika, jardunean jarduteko. Orain, harrapatuta nago, ia egunero joaten naiz». Helburu ezberdinekin, indarrez daude biak. Normala da: azkenaldian, ostegunero geratu izan dira entrenatzeko, gorputzak une oro erantzungo duela ziurtatzeko. «47 urte dauzkat, ez 20, inoiz ez dut korrika egin. Prest egon behar dut», dio Ubillosek. Orain, ez diote beldurrik etor daitekeenari; Pasaiatik Intxaurrondora (Gipuzkoa) joan ohi dira trostan. Bost kilometro egiten dituzte, eta zortzi batzuetan. «Lasterketa motza da Lilatoia, eta ibilbidea laua da. Erraza da. Horrek animatu nau izena ematera», esan du Ubillosek.

Hain zuzen ere, Uria zestoarrak parte hartzeko arrazoi bera aipatu du: aise egiten dela. Ez da hori, nolanahi ere, haren motibazio bakarra. «Sinbolikoa da lasterketa, jendea ere horregatik joaten da. Berdintasunean biziko bagina, ez genuke honen beharrik edukiko». Izaerak ere laguntzen du, beraz. Hala dio Alazne Etxeberria oiartzuarrak ere. 25 urte dauzka, eta Lilatoiaren filosofiak erakarri du. «Aldarrikapenerako egun bat da, hainbeste eraso jasaten ditugu egunero-egunero... Behintzat, egun hau guretzat da». Amarekin eta ahizparekin batera ateratzeko intentzioa dauka; horretarako, azarotik dabiltza hirurak entrenamenduetan. Ez bakarrik, ordea, baizik eta Antioju Morik talde feministarekin batera. Astelehenero eta ostegunero abiatu izan dira, erritmo bizian, «beroketa batzuk egiten ditugu, eta gero zein ibilbide egingo dugun denon artean erabakitzen dugu».

Izena emateko arrazoiak ezberdinak diren arren, gogoak batu ditu. Bada laurek aipatutako giltzarri bat: «Giro ona». Beste guztiaren gainetik, horrek bultzatu ditu. Oihu eta korrikaldi artean, haiekin batera, makina bat lagunek osatu dute ibilbidea, erreibindikazioa eta kirola uztartuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.