Legebiltzarreko Mahaia epaitegietan

Ia bost ordu eman ditu Atutxak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian deklaratzen; Knorr deklaratzen ari da eta ondoren Bilbaok egingo du

Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidenteak Nekane Bolado EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epailearen aurrean ia bost ordu pasa ditu, eta une honetan Gorka Knorr dago epailearen aurrean –15:05ean sartu da–. Sabin Etxearen eta Albia lorategien inguruan jende ugari bildu da hiru inputatuei babesa ematera. Deklarazioa asko atzeratu da Atutxa euskaraz deklaratzen aritu delako eta itzultzailearekin zenbait arazo izaten dituztelako. Horrez gain, epaitegi horretako fiskal nagusiak galdera ugari egin dizkio Legebiltzarreko presidenteari. Hirurek deklarazioa amaitzen dutenean agerraldi bat eskainiko dute. Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik duela bost hilabete Estatuko Fiskaltzak jarritako kereilagatik hartuko die deklarazioa.

2003ko abenduaren 3a
17:01
Entzun
Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidentea goizeko 10:00etan hasi da deklaratzen Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Nekane Bolado epailearen aurrean, ustezko desobedientzia delitu bat leporatuta, eta arratsaldeko hirurak hamar gutxitan amaitu du deklarazioa. Atutxa euskaraz aritu da deklaratzen, eta horrek atzerapen handia ekarri dio gaurko bistari. Horrez gain, Auzitegi horretako fiskal nagusiak galdera ugari egin dizkio Atutxari, eta horrek asko atzeratu du deklarazioa hartzea.

Gorka Knorr (EA) Legebiltzarreko Mahaiko kidea 11:00etan hastekoa zen deklaratzen du eta Kontxi Bilbao (EB-IU) 12:00etan, auzi berarengatik. Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik duela bost hilabete Estatuko Fiskaltzak jarritako kereilagatik hartuko die deklarazioa.

Legebiltzarraren autonomia defendatzeagatik "bidegabeki inputatuak" izan direla eta "herriaren babes osoa" dutela adierazi dute hiru alderdi horietako buruek, eta epaitegien bildutako jendetza "amorru" horren adierazle dela esan du Xabier Arzalluz EAJren EBBko lehendakariak. Halaber, prozesuak aurrera jarraitzen badu "protesta deialdi formala egitea" ez du baztertu Arzalluzek.

Ez dira bakarrik joan

Atutxa, Knörr eta Bilbao ez dira bakarrik joan Bilboko epaitegietara. EAJ, EA eta EB-IUko talde parlamentarioetako legebiltzarkideak bildu dira bertan, elkartasuna eta babesa eskaintzeko, eta baita herritar ugari ere, guztira 300 bat. Kereilatuei berotasuna adierazteko, epaitegien aurrealdean egongo dira hiru alderdietako ordezkariak deklarazio-hartzeak irauten duen bitartean. EAJko zuzendaritzako kideak ere han dira, Atutxari bereziki elkartasuna eskaintzeko.

Agenda arazoak direla medio, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria ez dago han. Atutxak goizeko hamarretan deklaratu du, Knörrek hamaiketan hasi da eta Bilbaok eguerdiko hamabietan deklaratuko du. Atutxak, gainera, Manos Limpias elkarteak auzi berberagatik jarritako kereilaren gainean ere erantzun behar izan du. Desobedientzia delituagatik epaileak sei hilabete eta bi urte bitarteko inhabilitazioa eta hiru hilabete eta urtebete arteko isuna ezar diezaieke Atutxa, Knörr eta Bilbaori. Mahaikideen defentsaz Alberto Figeroa ganberako abokatua arduratuko da.

«Lasaitasunez» joan dira deklaratzera

Gaurko zitazioaren aurrean «lasai» agertu ziren atzo hiru mahaikideak, euren aburuz Auzitegi Gorenaren autoak ez betetzean Legebiltzarreko «autonomia» defendatu dutelako. Atutxak ez zuen egin nahi izan gaiaren inguruko adierazpenik komunikabideen aurrean, baina «trankil» zegoela esan zien kazetariei. Haatik, egoera «desatsegina» zela aitortu zuen, Legebiltzarreko presidente izendatu zutenean sekula ez zuelako pentsatu halako egoera batean egongo zenik.

Bilbaok, berriz, justizian konfiantza duela azaldu zuen, eta ziur agertu zen epaileek ulertuko dutela euren jardueran ez dela egon inolako desobedientzarik, Auzitegi Gorenaren asmoekiko «desadostasuna» baizik. «Legebiltzarreko autonomia babesten saiatu naiz», esan zuen. Bestalde, Gorka Knörrek adierazi zuen kontzientzia «garbi» duela, Mahaian duen karguaren arabera jokatu duelako eta «herriaren borondatetik» sortutako araudia errespetatu duelako. Lasai dago, baina kereila artxibatzea espero du Knörrek: «Legebiltzarra irtenbiderik gabeko egoera batera eraman dute, eta gure jardueran ez da izan deliturik», esan zuen Knörrek.

Jendearen protesta

Xabier Arzalluz EAJko EBBko presidentearen ustez, Atutxa prozesatuko balute herritarrak kalera aterako lirateke beren «haserrea» adierazteko. Bere aburuz, hiru mahaikideak akusatuen jarlekuetan eseriko balituzte jendeak kalera irten beharko luke Legebiltzarreko ordezkariek «pairatzen duten tratua» salatzeko. «Prozesamendua eta epaiketa baldin badago, orduan, herriaren eta geure erantzuna askoz zabalagoa izango da». Esan zuenez, Atutxa edo Ibarretxe kartzelan ikusteak ez dio beldurrik ematen: «Akaso ez nuke horrelakorik esan behar, baina aurkariak gauzak gaizki egiten dituenean guretzako onuragarria da».

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren izenean babesa adierazi zien Josu Jon Imaz bozeramaileak Atutxari, Knörri eta Bilbaori, bere ustez hirurek Legebiltzarreko «duintasuna eta burujabetza» defendatu dutelako. Legebiltzarra eta Gorenaren arteko afera juridikoa baino gehiago «politikoa» dela esan zuen.EGI gazte erakundeak ere babesa eta elkartasuna adierazi die hiru mahaikideei prentsa ohar batean. Era berean, «Estatutua eta ganberako araudiarekiko errespetua, Legebiltzarreko autonomiaren defentsa, botereen banaketa eta justiziaren inpartzialtasuna» galdegin dute EAJko gazteek.Elkartasuna adierazi diete, halaber, Europako Parlamentuko CIU, ERC eta Los Verdes alderdietako ordezkariek. Guztiek hitzartutako testu batean Legebiltzarreko autonomia defendatu dute.PPk, berriz, salatu egin zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietako gaurko bilkura atzeratu izana EAJ-EAko ordezkariak Bilboko epaitegira joan daitezen.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.