Gasteizen, argindarrik gabe gelditu dira hainbat auzotan. Zabalgana, Txagorritxu, Gazalbide, Sansomendi, Ibaiondo, San Martin, Lovaina, Koroatzea, Zabalgunea, Alde Zaharra eta Lakua-Arriaga izan dira kaltetuak, besteak beste. Auzo batzuetan, ordu laurden inguru iraun du itzalaldiak; beste zenbaitetan, 10:20ak arte egon dira argindarrik gabe.
Argindarra eten denean, hainbat enpresatako alarmak piztu dira hirian, eta trafikoari ere eragin dio. Semaforoak eta bideetako argi seinaleak itzalita egon dira. Horrez gain, tranbiak zerbitzua eten du, ordu erdiz.
Hainbat erakunde publiko ere ilunpetan gelditu dira. Gasteizko Udalean, Eusko Legebiltzarrean, Arabako aldundian eta Arabako Batzar Nagusietan, esaterako. Azken horretan, atzeratu egin dute osoko bilkura.
Suspendido el pleno de Juntas Generales de Álava por el apagón en Vitoria-Gasteiz. Si @iberdrola nos deja, debatiremos moción de @IrabaziGasteiz reprobando sentencia del Supremo en hipotecas y reclamando una banca pública. pic.twitter.com/WGCj0hIm0u
— José Damián García 🔻 (@josedamian1980) 28 de noviembre de 2018
Txagorritxu eta Santiago ospitalei ere eragin die etenak, baina normaltasunez jarraitu dute zerbitzua ematen, argindar sorgailuei esker.
Iberdrolak azaldu duenez, bere azpiestazio elektriko batean izan den arazoak eragin du itzalaldia.