Espainiako ministroen kontseiluak bere egin du joan den hilean Auzitegi Nazionaleko 6. instrukzio epaitegiak eginiko eskaera: Iñaki de Juana Espainiaratzeko eskaera egin diezaiola Venezuelako Gobernuari. Soraya Saenz de Santamaria bozeramaileak iragarri du "ahalik eta azkarren" estradita dezatela eskatu diotela Venezuelari.
Ekainaren 18an kaleratutako autoan Eloy Velascok epaileak egiaztatutzat eman zuen De Juana Venezuelan dagoela. El Mundo egunkariak aipatu zuen lehen aldiz De Juana Latinoamerikako herrialde horretan zegoela, eta, ondorioz, hori baieztatzeko eskatu zion Velascok Interpoli otsailean. Maiatzaren 21ean, Guardia Zibilaren bitartez jaso zuen jakinarazpena Velascok.
Aurrekariak
2008ko azarotik preso ohia bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Izan ere, ez zen agertu Espainiako Audientzia Nazionalera deklaratzera deitu zutenean.
Espetxean 21 urte eman ostean, Iñaki de Juana 2008ko udan geratu zen aske, eta abuztuaren 2an omenaldia egin zitzaion Donostian. Han izan ez zen arren, haren gutun bat irakurri zuten, eta, hori oinarritzat hartuta, "terrorismoa goratzea" leporatu zion Auzitegi Nazionalak.
Bolada batez Ipar Irlandan izan zen, eta Erresuma Batuko auzitegiek Espainiaratzeko agindua eman eta gero, ez zen haren berririk.