Ateak Ireki atariaren arabera, Iñaki Erro Donibaneko (Iruñea) presoa Iruñeko kartzelatik mugitu dute gaur goizean, ustez, Almeriako espetxera. Zehaztu gabe dago oraindik ordea nora eraman duten.
Iñaki Erro gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamalau presoetako bat da; bihotzeko gaixotasun larria du. Almerian zegoen preso —etxetik 1.000 kilometrotara—, baina duela bi aste Iruñera ekarri zuten ama gaixorik zeukalako. Iragan larunbatean, berriz atera zuten Iruñeko kartzelatik Almeriara eramateko, baina bidean jakin zuen ama hil zitzaiola, eta bueltan ekarri zuten Iruñera. Astebete egin gabe, berriro mugitu dute presoa.
Herrira-k, Erroren inguruan, Espainiako Gobernuak harturiko erabakia oso larria dela esan du: "Azken egunetan ugari izan dira Erro ez urruntzeko eta aske uzteko tramiteak has ditzatela eskatu duten ahotsak, baina gobernuak preso honen eskubideak behin eta berriz zanpatzea erabaki du".
Urte hasieran, Iruñeko presoa ospitalera eraman zuten kardiopatia iskemiko baten ondorioz. Errok 25 urte daramatza kartzelan, eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituen arren, kartzelan jarraitzen du, Parot doktrina ezarri diotelako.