Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko presidenteak gaur aitortu du alderdi barruan dauden bi ildoak "nahikoa bateraezinak" direla, eta argitu du euren ildoak "abertzaletasun historiko eta instituzionalaren" alde egingo duela. Hau da, EAJrekin lankidetza "egonkorra" nahi dute, eta ez dute polo subiranistaren alde egingo. "Izan ere, azkeneko hauteskundeetan gure milaka eta milaka botoemailek garbi esan digute ez dutela hor [poloan] egon nahi, eta guk leialak izan nahi dugu haiekin". Haren ustez, poloak "abertzaletasun historikoa ahuldu" egin nahi du.
Batik bat, Gipuzkoako EAk osatzen du Galdosen-eta ildo hori. Alderdi barruan gutxiago dira, batzarra joan eta batzarra etorri ikusten den bezala; batzarkideen artetik %35 inguru osatzen dute.
EAk ekainaren 20an eta 21ean egingo du kongresua, zuzendaritza, ildoa eta estatutuak onartzeko, eta zuzendaritza nazionalak jakinarazia du berriz ere "mugimendu subiranista demokratikoaren" alde egingo duela.
Gipuzkoako EAko presidenteak ez du argitu kongresuan izango diren bere ildokideak.
Hain justu, Suspertu izeneko gogoetaren emaitzen berri eman dute Galdosek-eta gaur, Donostian. Herrialdeko EAk egin du hausnarketa -martxoaren 1eko hauteskundeen ondotik hasi zuen-, eta 400en bat lagunek hartu dute parte. Eusko Legebiltzarrerako boz horietan EA bakarrik aurkeztu zen, ez EAJrekin koalizioan, eta parlamentari bat atera zuen.
"Erabakiak hartzeko garaia da", esan die batzarreko partaideei Galdosek.
Politika
Iñaki Galdosek aitortu du EAko bi ildoak "bateraezinak" direla
Alderdiak ekainaren 20an eta 21ean egingo du kongresua. Gipuzkoako EAren ildoak ez du polo subiranistaren alde egingo, "abertzaletasun historiko eta instituzionalaren" alde baizik, eta ez du argitu biltzarrean izango den. Zuzendaritza nazionalak "mugimendu subiranista demokratikoa" bultzatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu