politika

Iñaki Gerenabarrenak dio "Espainiatik atera" beharra dagoela

EAJko Araba Buru Batzarreko presidentearen ustez, euskal administrazioa eta ekonomia Espainiako Estatukoak baino "askoz hobeak" dira, eta Espainiari kuota ordaintzen segitzea "zama" da.

2010eko maiatzaren 6a
11:53
Entzun
Iñaki Gerenabarrena EAJko Araba Buru Batzarreko presidenteak aldarrikatu du "Espainiatik atera" beharra dagoela, "[Espainiako] estatuak euskal herritarrei krisitik irteteko neurri ekonomiko onak hartzea eragozten dielako".

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zen garaian Nekazaritza sailburu izan zen Gerenabarrena, "eta, estatuaren ekonomiaren funtzionamendua nolakoa den ikusita, independentistago" bilakatu zela aitortu du gaur, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioa eta ekonomia Espainiako Estatukoak baino "askoz hobeak" direla uste du EAJko zuzendaritzako kideak. "Beraz, estatuari kuota bidez %6,24 hori ordaintzen segitzea zama da guretzako", eta salatu du Espainiako Gobernuak ez dituela gero igortzen eskumen garrantzitsuak; Gizarte Segurantza, adibidez.

Ildo berean mintzatu zen Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidentea igandean Donostian -"Espainia debeku eta ukapen politikoa izateaz gain, zama ekonomikoa ere bada. Euskal produkzioaren herena Espainiara eraman beharrean, urrunago dauden merkatuetara eraman beharko litzateke", esan zuen-. Gerenabarrenak bat egin du adierazpen haiekin. "Euskal enpresariek Espainian, Grezian, Islandian, Finlandian, Marokon... ahal duten tokietan saltzen segitu behar dute, baina Espainiako kontsumoa jaitsi egingo da, estatua izugarri zorpetuta dagoelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.