Arabako ustezko ustelkeria kasua dela-eta -herrialdeko EAJko hainbat kide inplikatuta daude-, PPk gaur eskatu du Iñaki Gerenabarrena EAJko Araba Buru Batzarreko (ABB) presidente eta Vital Kutxako lehen presidenteordeak aurrezki kutxako kargua utzi egin beharko lukeela. Lehengo asteazkenean Alfredo de Miguel foru diputatua eta EAJko beste zazpi lagun atxilotu zituzten, influentzia trafikoa, eroskeria eta dirua zuritzea leporatuta. Zortziak egun bereko gauean aske geratu ziren, epailearen aurrean deklaratu ostean.
"Kasua argitzeko asmoz, bukaeraraino iritsiko gara", esan du Alfonso Alonso herrialdeko PPko buruak, "EAJren auzi batek ezin dituelako Aldundia eta Vital Kutxa kutsatu".
Aurrezki kutxak gaur zortzi izango du batzarra eta Gerenabarrenak ordurako eman beharko luke dimisioa, PPren iritziz. Halaber, zenbat kobratzen duen, eta kargua hartu aurretik zer ondasun zituen eta orain zer dauzkan azaldu beharko luke EAJko buruzagiak, Alonsok dioenez.
Urtebete pasatxo falta da foru hauteskundeak egiteko, eta Arabako PPk ez du asmorik ordura artean Xabier Agirre (EAJ) ahaldun nagusiaren aurkako zentsura moziorik sustatzeko. 2007ko foru bozetan PP izan zen herrialdeko lehen indarra, botoen %26,4 lortuta.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aholkuari postutik bidali du Arriola; Telleriak ABB utzi du
Alfonso Arriola da lehengo astean atxilotu zutenetako bat, eta gaur Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aholkuri postutik bidali du. Ekonomian eta Enpresan lizentziatua da Arriola, eta Arabako Parke Teknologikoaren zuzendari izan zen 2006tik 2009ra. Aurretik, kargu ugari izan ditu: Arabako Nekazaritza eta Arrantza Saileko elikadura arduraduna, eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza Saileko zuzendaria, besteak beste. Alaves futbol taldeko zuzendari karguan izan zen 2000tik 2004ra.
Aitor Telleria Gasteizko Udaleko EAJko zinegotzi ohia eta EAJko ABBko kidea da beste atxilotu bat, eta gaur ABBko kargua utzi di.
De Miguel Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako eta Lurralde Orekarako diputatuak ostegunean laga zuen foru postua.
Araba Buru Batzarrak bihar egingo du bilera.
Iñaki Gerenabarrenari Vital Kutxa uzteko eskatu dio PPk
Arabako EAJko kideak inplikatuta dauden ustezko ustelkeria kasuak "Aldundia eta Vital ezin ditu kutsatu", PPren ustez. Aurrezki kutxako lehen presidenteordea da Gerenabarrena EAJko herrialdeko burua. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aholkulari postutik bidali du Alfonso Arriola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu