Atxiloketak

Iñaki Marin, Diego Javier Octavio, Mikel Marin eta Iker Aristu ere kartzelara bidali ditu epaileak

Astelehenean atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñean, kale erasoekin lotuta. Asteburuan Gorka Sueskun, Iker Araguas eta Ibai Azkona iruindarrak espetxeratu zituen Grande Marlaskak, gauza bera leporatuta.

2008ko urriaren 9a
15:48
Entzun
Iñaki Marin Mercero, Diego Javier Octavio Martikorena, Mikel Marin Irurozki eta Iker Aristu, astelehenean Espainiako Poliziak Iruñean atxilotu zituen gazteak kartzelara bidali ditu gaur Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, kale erasoetan parte hartu izan dutelakoan eta Segi gazte erakundeko kideak direlakoan -legez kanpokotzat du Espainiako Justiziak-. Baldintzarik gabe espetxeratu ditu laurak: Aristu Alcalan (Espainia) eta besteak Soto del Realen (Espainia).

Gazteak inkomunikatuta egon dira atzeman zituztenetik, eta orain izango dute aukera euren senide eta abokatuekin egoteko. Aurreko egunetan abokatuak hainbat neurri eskatu ditu -atxiloketako aldi guztia bideokamaraz grabatua izan dadila, haien senideek jakin dezatela non dauden eta zein egoeretan, eta konfiantzazko medikuarekin egoteko aukera izan dezatela-, baina epaileak ez dio jaramonik egin.

Aurreko astean Gorka Sueskun, Iker Araguas eta Ibai Azkona ere atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñean, gauza bera egotzita, eta epaileak asteburuan kartzelara bidali zituen, Soto del Realera. Gazteek torturak jaso izana salatu dute.

Mikel Flamarike ere atzeman zuten orduan, Barañainen (Nafarroa), eta epaileak aske utzi zuen, astero epaitegira sinatzera joateko baldintzarekin eta Espainiako mugetatik ateratzeko debekuarekin. Tratu txarrak jasan zituela zioen Flamarikek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.