Ongi-etorri ekitaldiarekin abiatu da gaur goizean MIDASen 2004ko Urteko Bilkura eta Batzar Nagusia, Donostiako Kursaal Jauregian. 'Berria'-k jardun du antolaketa lanetan.
Hain zuzen ere, 'Berria' argitaratzen duen EKT enpresako lehendakari Joxean Lizarribar, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Goenaga, Gipuzkoak diputatu nagusi Joxe Juan GonzalezTxabarri, Donostiako Udaleko zinegotzi Denis Itxaso eta MIDASeko presidente Toni Ebner izan dira hizlari.
EKT Euskarazko Komunikazio Taldeko lehendakari Joxean Lizarribarrek'Egunkaria'- ren itxiera izan du hizpide bere aurkezpeneko lehen zatian. Hala Lizarribarrek "zentzugabeko bidegabekeriatzat" jo du itxiera etaIñaki Uria eta Xabier Alegriarenaskatzea eskatu du .
Honetaz gain 'Berria' proiektuaren sorrera ere jorratu du Lizarribarrek, hala "Izaera eta pentsaera desberdineko eragile eta pertsonen eskutik" jaiotako proiektuaren arrakasta azpimarratu du.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Goenaga izan da bigarren hizlaria. Sailburuordeak euskararen oztopoak izan ditu hizpide, hala sailburuordearen hitzetan, hizkuntza masiboen aurrean biziraun ahal izateko hizkuntza politika egokia bultzatzea "ezinbestekoa" dela adierazi du . Era berean Goenagak euskal hiztunak "testuinguru ete elikagai" beharra duela nabarmendu du, eta elikagai behar horretan euskal komunikabideen lana goratu du. Bere azken hitzetan Goenagak lehen 'Egunkaria'-k egin zuen bezala egun 'Berria'-k egin duen "lan eskerga" goretsi du eta euskal komunikabide guztiei Jaurlaritzaren laguntza "ez zaiela faltako" berretsi du .
Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusiak ere Iñaki Uria aske utz dezatela eskatu du. Uria euskarazko egunkari bat aurrera ateratzen saiatu den pertsona bat, "oso ezaguna", dela azpimarratu du, eta "epaile espainiarrek" oso prozesu "berezian" auzipetu dutela. Erabaki hori Europa demokratiko batean "nekez" uler daitekeela esan du.
Hain justu, Txabarrik nabarmendu du Europako ikuspegitik oso zaila dela ulertzeko bere gisako arduradun politiko bat kazetari baten askatasuna eskatzeko tenorean ikustea, baina Euskal Herrian bizi den egoera politikoan "normala eta ohikoa" dela. Ildo horretatik, Euskal Herriak gainditu gabe duen ikasgaia "normalizazio politikoa" dela adierazi du, eta hori lortzeko lehenik eta behin "bizitza eskubidea" aldarrikatu behar dela. Ildo horretatik, ETAk azken urteetan egindako hilketak gaitzetsi ditu. Halaber, normalizazio politikoaren gabeziaren beste zantzu bat HZren baliogabetzea dela esan du Gipuzkoak diputatu nagusiak, eta pertsona askok ezin izango dutela beren aukera politikoa hautatu deitoratu du. Hori guztia aintzat hartuta, Europatik etorritako MIDASeko kideei eskatu die Euskal Herriari buruz behar bezalako informazioa emateko.
MIDASeko presidente Toni Ebnerrek aldiz III. Biltzar hau Donostian antolatu izanaren zio eta helburuak definitu ditu bere aurkezpenean: “MIDAS ez da kasualitatez etorri Euskal Herrira, ‘Egunkaria’ren itxiera ostean bere elkartasuna adierazteko baizik”.
Sakon aritu da bere aurkezpenean, hala bolentziak “gutxiengo baten arazoak konpontzeko balio ez duela” azpimarratu du, eta are gutxiago oraindik “egunkariak itxiz”. Ebnerrek Europako kazetariek daukaten prentsa eskubidearen defentsa egin du bere aitzin hitzetan, eta egunkarien itxierarekin “eskubide horri bera era” erasotu egiten dela zehaztu du.
Aurkezpeneko azken txanpan berriz agentzia handiek ‘Egunkaria’ren itxieraren berri eman ez bazuten ere MIDASeko partaideek lehen eskuko informazio iturrietara jo zutela gogoratu du Ebnerrek, eta horrela “europako hizkuntza minorizatuko prentsa irakurleek itxieraren oihartzuna jaso izan zutela azpimarratu du. Bere bukaeran gutxiengo baten hizkuntza erreprimitzeko egunkari bat ixtearen “absurdoa” berretsi du.
Irekiera ekitaldiko azken hizlaria Donostiako zinegotzi Denis Itsaso izan da, Odon Elorza alkatea ezin izan delako agertu. Zinegotziak hizkuntza guztien garrantzia eta beraien garapenerako komunikabideen lana “beharrezkotzat” jo du . Era berean Berriari MIDASen bilkura Donostian antolatu izana eskertu dio.
Arratsaldean, bilkura nagusia
Goizeko ongi-etorri eta euskararen inguruko zenbait hitzaldiren ondoren, arratsaldean egin du MIDASek urteko batzar nagusia. Iñaki Uria askatzeko eskatzen duen testua onartu dute elkarteko bazkide diren komunikabideetako buruek. Nolanahi ere, idatzi horren eduki zehatzaren berri bihar emango dute.
Horrez gain, elkartearen diru-kontuak aztertu dituzte eta aurrekontuak onartu dituzte.
'Berria' antolatzaile
MIDASekin batera ‘Berria’ aritu da topaketa hauen antolaketa lanetan.Hain zuzen ere, elkarteko kide zen ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zutela salatzeko egin du, hein handi batean, MIDASek batzarra Euskal Herrian. Europako 15 herrialdetako 30 egunkaritako zuzendarieta editoreak elkartu dira Donostian, besteak beste, euren egitasmo, premia eta arazoen gaineko informazioa trukatzeko
‘Egunkaria’-ko zuzendari ohi eta ‘Berria’-ko zuzendari Martxelo Otamendik herenegun aurkezpen ekitaldian agertu zuenez, euskara hutsezko kazeta hura itxi izana da 3. batzar nagusia Euskal Herrian egiteko arrazoi nagusietako bat. Izan ere, MIDASen bazkide sortzaileetako bat izan zen ‘Euskaldunon Egunkaria’: “Bazkide sortzaile izateaz gain, zuzendaritzako kide ere bazen. Atxilotu bitartean, Iñaki Uria izan zen ‘Egunkaria’-ren MIDASeko ordezkaria”, azaldu zuen.
Nolanahi ere, eremu urriko hizkuntzetan argitaratzen dituen egunkariak biltzen ditu MIDASek, eta komunikabide horietako zuzendari zein editoreek esperientziak trukatzeko aukera izango dute gaur eta bihar.
MIDASen Jardunaldiak
Iñaki Uria askatzeko eskaera egingo du MIDASek
MIDAS Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkartearen bilkura nagusiak Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkaria aske uzteko galdegiten duen eskaera onartu du Donostian egiten ari den bilkura nagusian. Hain zuzen ere, MIDASeko egunkarien proiektu eta arazoez gain, 'Egunkaria'-ren itxiera eta Uriaren zein Xabier Alegriaren egoerak izan dira batzarreko mintzagai nagusietakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu