EAJren, EAren, EB-IUren eta SAren bozkekin onartu den proposamenak lehenik eta behin esaten du Iñaki Uria Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkariari behin-behinean aske uzteko Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako baldintzak "bidegabeak, neurrigabeak, baztertzaileak eta bete ezinezkoak" direla.
Bigarren puntuak dionez, behin-behinean aske uzteko ezarritako bermea (600.000 euro) eta egunero polizia etxean sinatzera aurkezteko betebeharra ezin dira justifikatu. Izan ere, mozioan jasotzen denez, halako bermeak ezartzeko arrazoirik ez du Auzitegi Nazionalak: "Ez delituaren izaerak, ez Uriaren aurrekariek (ez dauzka), ez justizia saihesteko arriskuak, ez Uriaren egoera pertsonalak, patrimonialak, familiarenak, ekonomikoak zein sozialak ez dute balio Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Lehen Sekzioaren ebazpena oinarritzeko".
Bestalde, behin-behinean aske ateratzeko ezarri behar diren baldintzak gogorazten ditu onartu duten mozioak. Han ohartarazi dutenez, bermea ordainduta aske ateratzeko baldintzek behin-behinean preso dagoenak betetzeko modukoak izan behar dute. Uriari abalen bidez ordaintzeko aukera ukatu diotela kontuan hartuta, bermea Zuzenbideak aurreikusitako edozein modutara bai diruz bai abalen bidez ordaintzeko aukera eman behar dela oroitarazi du Eusko Legebiltzarrak.
Horiek horrela, Uria askatzea eskatu dute laugarren puntuan. Hain justu ere, Espainiako Fiskaltza Nagusiari, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari eta Presidentetzari, Zigor Aretoko Lehen Sekzioari eta Instrukzio Auzitegi Zentralari eskatu diete Uria aske gera dadin "beharrezko diren neurriak" hartzeko.
'Egunkaria auzia'
Iñaki Uria aske uzteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak
Joan zen hilean aurkeztu zuen Jaurlaritzako Hirukoak (EAJ, EA eta EB-IU) Iñaki Uriaren askatasuna eskatzeko legez besteko proposamena. Gaur eztabaidatu egin dute, eta aldeko 39 bozekin eta kontrako 29rekin onartu dute. Alde bozkatu dute Hirukoko alderdiek eta SAk. PSE-EEk, PPk eta UAk, berriz, kontrako botoa eman dute. PSE-EEk zuzenketa aurkeztu dio Hirukoaren proposamenari, eta han Uriaren bermearen baldintzak berriz hausnartzeko eskatu dio Espainiako Fiskaltzari. Zuzenketa hori ez da bozkatu ere egin, Hirukoaren proposamena onartu baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu