'Egunkaria auzia'

Iñaki Uria irten da espetxetik

Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkaria arratsaldeko zortziak laurden gutxi inguruan atera da Aranjuezko espetxetik, 17 hilabetetik gora preso egon ondoren. Baldintzapeko askatasunean irten da Uria, 450.000 euroko bermea abalen bidez ordainduta. Espetxetik irten eta segituan, kalean dagoela baina, hala ere, ez dagoela libre azpimarratu du.

2004ko abuztuaren 2a
21:51
Entzun
"Orain sentitzen dudana da kalean nagoela, baina oraindik ez nagoela libre. Hori euskal herritar askori gertatzen zaigun kontua da: kalean gaude, baina ez gaude libre. Eta, halaber, ez daukaguk oraindik 'Egunkaria' itxi zuteneko injustizia bezalakoak eragozteko modurik edo gaitasunik", adierazi du Uriak kartzelatik atera bezain laster. Horrez gain, eskerrak eman dizkie bere alde mobilizatu diren guztiei, eta barruan geratu diren euskal preso guztiak izan ditu gogoan.

Tramite asko eta korapilatsuak bete ditu gaur goizean Iñaki Uriaren familiak, 450.000 euroko bermearen abalak lortu eta Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkezteko, baina, azkenean, bete du helburua, eta arratsaldeko zortziak laurden gutxitan irten da 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkaria Aranjuezko kartzelatik.

Senidez eta lagunez betetako autobus batjoan da Zarautz (Gipuzkoa) jaioterritik Madrilera Uria eurekin ekartzeko.

Ongietorria 02:30ak aldera, Kultur Parkean

Iazko otsailaren 20an, 'Egunkaria'-ren aurkako operazioan, atxilotu zutenetik dago preso Uria. Hain zuzen ere, auzi hargatik preso dagoen pertsona bakarra da. Xabier Alegria operazio hartan atxilotu zuten, baina, egun, Udalbiltzarekin lotutako auziagatik dago preso.

Hilabete guztiotan mobilizazio asko egin dira Iñaki Uriaren askatasuna eskatzeko, eta, halaber, norbanako, alderdi eta erakunde ugarik agertu dute gurari hori; besteak beste, Eusko Legebiltzarrak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek.

Hilabete honen hasieran Iñaki Uria Askatu taldea sortu zuten Zarautzen.

Madriletik iristen direnean, 'Egunkaria'-ko lankide ohiek eta adiskideek ongietorria egingo diote Uriari Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, goizaldeko 02:30 aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.