'Egunkaria' auzia

Iñaki Uriak kalean behar duela aldarrikatu dute Donostian

Gaur bete dira hamar hilabete Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailaren aginduz Guardia Zibilak 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zuela, eta, halaber, beste bederatzi lagunekin batera Iñaki Uria Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria atxilotu zuela. Hilabeteurren hori baliatu dute 'Egunkaria'-ko langile ohiek Uria aska dezatela aldarrikatzeko, hura baita 'Egunkaria' auziagatik espetxean segitzen duen bakarra. Donostiako Bulebarrean elkarretaratzea egin dute 12:30etan.

2003ko abenduaren 20a
13:55
Entzun
'Egunkaria'-ko abokatu Enekoitz Etxeberriak elkarretaratzearen ondoren agertu duenez, ez dago inolako arrazoirik Uriak kartzelan jarraitzeko. Alde batetik, Uriak ez duela ETArekin inolako harremanik aldarrikatu du Etxeberriak, eta, beraz, haren kontrako akusazio guztiak gezurra direla. Bestetik,Uria behin-behinekoz espetxean izateko inolako "argudio teknikorik" ez dagoela agertu du abokatuak. "Epaileak darabilen argudio bakarra ihes egiteko aukera eragoztea da, eta Iñak Uriak ez luke ihes egingo, aske utziz gero haren lehendabiziko lana 'Egunkaria'-n ez dagoela inolako deliturik frogatzen hastea bailitzateke", azpimarratu du.

Uriaz gain, polizia operazio berean atxilotutako Xabier Alegriak ere kartzelan jarraitzen du, baina ez 'Egunkaria' auziagatik —auzi horren inguruan Del Olmok behin-behineko askatasuna eman zion—, baizik eta Udalbiltzarekin lotutakoagatik.

'Egunkaria'-ko langile ohiak, Uriaren senide eta lagunak eta hainbat herritar bildu dira elkarretaratzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.