Egunkaria auzia

Iñaki Uriaren tortura auziaz Madrilen erabakiko dute, ez Donostian

Guardia zibil inputatuek egin zuten eskaera. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak hartu du erabakia.

2008ko apirilaren 24a
20:48
Entzun
Iñaki Uria Egunkaria-ko auzipetuaren tortura auziaren ahozko epaiketa ez dute azkenean Donostian egingo, eta Madrilera eraman dute, inputatuta dauden lau guardia zibilek eskatu bezala. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak hartu du erabakia, eta auzia Madrilgo instrukzio epaitegi batek har dezan agindu du. Gainera, erabakia irmoa denez, helegiterik ezingo da aurkeztu.

Uriaren abokatu Jose Mari Elosuaren ustez, gerta daiteke Madrilgo epaitegia atzera erabakitzen hastea, auto berri baten bidez, epaiketa egiteko nahikoa zantzu dagoen edo ez dagoen, inor inputatzeko arrazoirik dagoen edo ez dagoen. Haren iritziz, dena den, zaila litzateke Madrilen auzia besterik gabe artxibatzea, Gipuzkoako Auzitegiak berak delituen zantzua badagoela adierazi baitu, auzia Madrili dagokiola argudiatu duenean.

Nekane Rodriguez Donostiako instrukzio epaileak iazko otsailean erabaki zuen, lehen aldiz, Uriaren tortura auziagatik ahozko epaiketa egitea. Eta urrian berretsi egin zuen erabakia, fiskalaren eta guardia zibil inputatuen erreforma helegiteari erantzunez. Horretaz gain, epaiketa Donostian egin beharko zela zioen, epaitzekoak diren gertaerak Gipuzkoan hasi zirelako (atxiloketa Zarautzen, Intxaurrondoko -Donostia-kuartelera eraman zuten gero Uria...).

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko salak orain argudiatu duenez, ordea, Gipuzkoan atxilotuta eduki zuten bitartean torturak jasan zituenik ez zuen salatu Uriak bere deklarazioan, eta ondorioz auzia ez dagokio Gipuzkoako Auzitegiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.