Ikasle Abertzaleek grebara deitu dute martxoaren 26rako, Hego Euskal Herriko unibertsitateetan eta DBHko eta LHko ikastetxeetan. Tasak merketu, bekak hobetu izango da leloa. Unibertsitateko Indar Batasunak beka eta tasen harira garatu dituen bost eskaerak indartzeko eta horiek gauzatzeko aurrerapauso bat emate aldera deitu du ikasle greba.
IAko hainbat kidek agerraldia egin dute goizean, Bilboko Ingeniaritza Fakultatearen ondoan, eta han azaldu dute azken urteetako «ofentsiba kapitalistaren» adierazleak direla gaurko langabezia, prekaritatea eta murrizketak. Gaineratu dutenez, unibertsitatea, lanbide heziketa eta bigarren mailako hezkuntza «kapitalaren egungo beharretara» moldatu dituzte, eta horren barruan ulertu behar da hezkuntza kostuak garestitu izana. Esan dute «unibertsitateko tasak merkatzearen eta bekak hobetzearen aldeko dinamikarekin» hezkuntza prozesu osoa doakoa izatearen aldeko borrokari egin nahi diotela ekarpena. Ikasketa prozesu osoaren garestitzeari «galga jartzeko» greba eta «doako hezkuntzaren aldeko ikasle greba ere izango da».
Gaineratu dute batasunaren aldeko apustua dela eurena, eta, horregatik, DBHko eta LHko ikasleen indarrak batuko dituztela martxoaren 26ko greba deialdian eta Hego Euskal Herriko hiriburuetako manifestazioetan.