Iaz 105 tortura salaketa egin ziren Hego Euskal Herrian

Ceuta eta Melillaren atzetik, biztanleko salaketa gehien jaso duen herrialdea da Espainiako Estatuan

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian 105 pertsonak salatu zituzten torturak iaz. Horietako 45 polizien esku inkomunikatuta egon ziren; %43, hain zuzen ere. Hala jaso du CPT Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak. Tortura salaketa asko inkomunikatuta egon diren atxilotuek egin izanak agerian uzten du, koordinakundearen arabera, inkomunikazioa amaitzea beharrezkoa dela tratu txarren prebentziorako.

Donostian gaur torturaren aurka egingo den martxaren karietara aurkeztu dute txostena, etaCPTko kide diren Euskal Herriko hainbat elkartetako ordezkariek parte hartu dute Gipuzkoako hiriburuan eginiko aurkezpenean; besteak beste, han izan dira Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiko Iratxe Urizar, Salhaketa presoen aldeko elkarteko Carlos Hernandez eta Eskubideak abokatuen elkarteko Joseba Belaustegi.

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako 40 bat erakundek osatzen dute CPT. Koordinakundeak jatorri guztietako tortura salaketak hartzen ditu kontuan; ez ditu bereizten eragile ezberdinetan aritutako pertsonek, presoek edo etorkinek eginiko salaketak: guztiak batuta agertzen dira txostenean. Espainiako Estatuaren mugen barruan dauden herrialde guztiak hartzen ditu kontuan, eta salaketak non aurkeztu, horren arabera egiten du sailkapena. Hala, kontuan hartu behar da euskal herritarrek eginiko tortura salaketa asko beste herrialde batzuetan aurkezten direla, Madrilgo epaitegietan bereziki. Era berean, salatzailea nongoa den ez da kontuan hartzen, salaketa non jarri den baizik.

Datu hotzak

Hala, euskal herritarrak izan edo ez, iaz Hego Euskal Herrian 105 lagunek salatu zituzten torturak. Herrialdeka Bizkaian 54, Gipuzkoan 25, Araban 15 eta Nafarroa Garaian 11.

Salatua izan den indar polizialaren arabera, Espainiako Poliziaren aurka aurkeztu dira salaketa gehienak: 43. Ondoren, Ertzaintza: 37. Guardia Zibilaren aurka 19 aurkeztu dira. Nafarroako Foru Poliziaren aurka bat eta udaltzainen aurka bi. Era berean, espetxeko funtzionarioen aurkako bi salaketa jasotzen ditu txostenak, eta adingabeen zentroetako langileen aurka beste bat.

Katalunia da tortura salaketa gehien aurkeztu den herrialdea: 215. Ondoren dator Hego Euskal Herria: 105. Eta jarraian Madril: 103.

Biztanleko zenbat salaketa aurkeztu diren aztertu dute, halaber, txostenean. Kasu honetan Hego Euskal Herria hirugarren tokian azaltzen da: 3,71 salaketa 100.000 biztanleko, Espainiako Estatuko batez bestekoaren (1,46)gainetik, nabarmen. Aurretik Ceuta (10,17) eta Melilla (4,08) daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.