Sindikatuak ezagutarazi ditu Deloittek eginiko txostenaren datuak. Horren arabera, langileen soldatak direla-eta izandako gastua %0,1 murriztu du Osakidetzak, baina zuzendaritza postuetako soldatak %18,29 hazi dira.
ELAren esanetan, txostenak "baieztatu" egiten ditu sindikatuak langile kopuruaren murrizketaz Osakidetzari egin izan dizkion kritikak: "Zuzendaritzak datuak ezkutatzen dizkie sindikatuei eta gizarteari, eta propagandaren truke ordezkatzen ditu".
Sindikatuak iragarri du mobilizazioetara deituko duela lanpostuen murrizketaren aurka protesta egiteko.
Osakidetzaren erantzuna
Osakidetzarentzat "logikoa" da administrazioko langileen lanaldia handituta aldi baterako langile kopurua gutxitzea. Enplegu publikoarekiko konpromiso "irmoa" adierazi du ohar batean, eta ziurtatu du "25.816 langilez osatutako lantalde estrukturala mantendu" egingo dela, eta "ahal den neurrian" handitu egingo dela.