Iaz Euskal Herrian izandako lan istripuetan 129 behargin hil zirela salatu du LABek

Hilaren 24an Hego Euskal Herrian egingo dituzten ekimenetan parte-hartzera deitu du Rafa Diezek

2007ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
«Joan den urtean, bi egun eta erditik behin langile bat hil zen Euskal Herrian». Datu kezkagarria Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusiak atzo emandakoa. Zazpi herrialdeetan, orotara, 129 beharginek galdu zuten bizia lanean ari zirela izandako ezbeharren ondorioz. Hori dela eta, hilaren 24an mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, LABek deituta.

Sindikatu abertzaleak jakitera eman duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 56.562 lan istripu jazo ziren iaz: 52.070 arinak, 399 larriak eta 93k langileren baten heriotza eragin zuten. Orain dela bi urteko datuekin alderatuta, egoerak okerrera egin duela ikus daiteke, lan ezbeharren zein hildako langileen kopurua igo egin baita. Hain zuzen, 2005ean, 53.114 lan istripu zenbatu zituen LABek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 52.222 ezbehar arinak izan ziren, 477 larriak eta 82 langile hil ziren lanpostuan zeuden bitartean.

Nafarroan, berriz, 13.905 lan istripu jazo ziren iragan urtean, 2005ean baino 244 gehiago, LABen arabera. Sindikatu abertzaleak 13.737 istripu arin -orain bi urte baino 286 gehiago- eta 180 larri-2005ean baino 244 gutxiago-zenbatu zituen. Lanean ari zirela izandako ezbeharren ondorioz hildako langileak, berriz, 30 izan ziren; duela bi urteko kopuru bera.



POLITIKARIEN «JARRERA HOTZA».Datuon larritasunaz ohartarazi zuen Rafa Diezek, «garbi erakusten baitute nolako arazoak sortzen dituen egungo lan harremanetarako ereduak». «Hau al da enpresak errentagarri izan daitezen beharginek ordaindu behar duten prezioa?».

«Tragedia» hau eragiten duten «sakoneko arrazoietara» jotzeak duen garrantzia azpimarratu zuen LABeko idazkari nagusiak. Eta arduradun politikoek estatistika hauen aurrean erakusten duten «jarrera hotza» kritikatu zuen. Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak, Miguel Sanz Nafarroako presidenteak edota Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak langabeziak behera egin duela edo ekonomia hazten ari dela esateko «beti zentzu baikorrean» hitz egiten dutela gaitzetsi zuen Diezek, «baina hildako beharginekin sekula ez dira gogoratzen».

LABeko idazkari nagusiak lau faktoreri egotzi zien hainbeste lan ezbehar gertatzearen errua: lehiakortasunean oinarritutako sistema ekonomikoari, lan harremanetarako ereduari, patronalaren «prebentzio kultura» faltari eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Legea betearazteko neurri eraginkorrik ezari, hain justu.

Egoeraren larritasuna ikusirik, Diezek ezinbestekotzat jo zuen administrazio publiko eta enpresaburuak «gogor presionatzea», jarrera alda dezaten. Eta sindikatu abertzaleak hilaren 24rako Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan antolatu dituen elkarretaratze eta giza-kateetan parte-hartzera deitu zuen.



Espainian zendutako lankidea gogoan

Añorga. Prekarietatea, hiltzailea. Lan istripurik ez lelopean, 20 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo, AñorgakoCementos Rezola enpresako atarian, Gipuzkoan. Iragan ostegunean lan istripuz hildako Juan Manuel Gutierrez Iturria lankidea ekarri zuten gogora. Haren heriotza salatzea zen ekimenaren helburua. Hildakoa, 54 urteko beratarra, kamioi gidaria zen eta Soto de Riberan (Espainia) zegoen ezbeharra gertatu zen unean. Itxura denez, kamioia husten ari zen Gutierrez, eta oraindik zer dela-eta ez dakitela, ibilgailuaren plataforma gainera erori zitzaion.





Langile baten gorpua aurkitu dute Sondikako Sangroniz industrialdean

Enpresa baten segurtasunaz arduratzen zen behargin baten gorpua topatu zuten atzo goizean Sondikako Sangroniz industrialdean, Bizkaian. Ibilgailu baten barruan zegoen langilea. Abisua jaso bezain laster bertaratu ziren Osalan Laneko Osasun eta Segurtasunerako Euskal Erakundeko teknikariak, eta lehenengo txostenean ia ziurtzat jo zuten langilea berez hil zela.

Hildakoa 41 urteko J. S. S. gizonezkoa da, eta industrialde horretan dagoen Asfaltados Olarra enpresarentzat lan egiten zuen. Langileak peoi espezialistaren maila zuen, baina, Osalaneko iturriek adierazi dutenez, azkenaldian, instalazioek behar bezala funtzionatzeaz eta enpresaren segurtasunaz arduratzen zen.

Langileak herenegun 22:00etan hasi zuen bere txanda, eta atzo 06:00etan bukatu behar zuen. Goizeko zortziak aldera, ordea, Osalaneko teknikariek abisua jaso zuten, bakarrik lan egiten zuen 41 urteko langile hori industrialdeko auto baten barruan hilda aurkitu zutela esanez. Oraingoz, teknikariek ezin izan dute zehaztu behargina zer ordutan hil zen .

Osalaneko teknikariak berehala joan ziren gorpua aurkitutako lekura. Haien lehendabiziko txostenaren arabera, «ez dago inolako harremanik hildakoaren lan baldintzen eta heriotzaren arrazoien artean», autoa lantegiaren kanpoaldean baitzegoen, gune ireki batean. Hori dela eta, behargina ziurrenik berez hilko zela esan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.