Iazko uztail eta abuztuan baino lau pertsona gehiago hil dira errepideetan

Hego Euskal Herrian 20 lagun hil dira guztira; Nafarroan beherakada nabarmena igarri da zendutakoen kopuruan

Donostia
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko errepideetan hogei pertsona zendu dira uztaila eta abuztua bitartean, iazbaino lau gehiago. Hala azaldu du Espainiako Trafiko Zuzendaritzak egindako txostenak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ere berretsi egin ditu datuak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuen berri eman du, eta hildako kopuruan izan den gorakada nabarmenaz ohartarazi du: lehengo urtean bost pertsonak galdu zuten bizia,eta urteetako beheranzko joeraren ostean, aurtengo uztaila eta abuztuan hamabost izan dira hildakoak. Hain zuzen ere, iazbaino hamar gehiago.

Nafarroako Gobernuak datorren astean emango ditu bere datuak. Ostera, udako hilabeteetako hildakoen kopuruak behera egin du nabarmen, Espainiako Trafiko Zuzendaritzak plazaratutako datuen arabera: iaz 11 lagun hil ziren Nafarroako errepideetan eta aurten, bost.

Hiruhilekoka aztertuta, zendutako pertsonen kopurua aldakorra izan da. Urtarril, otsaila eta martxoan 25 lagun hil ziren Hego Euskal Herriko errepideetan; bigarren hiruhilekoan 14, eta azken bi hilabeteetan, berriz, 20. Lehengo urteko datuekin alderatuz, baina, kopuruak gora egin du lehendabiziko seihilekoan, udan bezalaxe.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Amparo Lopezek aurkeztu duAraba, Bizkai eta Gipuzkoari buruzko informazioa. «Hildako hamabost lagunetatik bi autopistatan zendu dira, 11 bigarren mailako errepidetan, eta bi herri barruan izandako ezbeharretan», argitu du. Zifrek gora egin duten arren, istripuen kopurua «oso baxua» dela nabarmendu du. «Bi hilabetean 7 milioi joan-etorritik gora izan dira, eta beraz, ezbehar kopurua ez da horrenbestekoa».

Udan hildako pertsonen batezbesteko adina urtean zehar zendutakoena baino altuagoa dela gogorarazi du: udan 39 urtekoa izan zen, eta urtean zehar 27koa. Halaber, ezbehar gehienak errepideetarako sarbideetan gertatu direla azaldu du. Hildakoen %65 gizonezkoak ziren, eta kasuen %2an bidaiariek ez zeramaten segurtasun gerrikoa behar bezala loturik.

Lopezek aditzera eman duenez, Gipuzkoan zirkulazio gehien Irun eta Zarauzko ordainlekuetan eta Itziarko gasolindegian bildu da udako hilabeteotan. Araban, AP-1, N-622 eta N-1 errepideetan, eta Bizkaian kosta eremua eta Kantabria (Espainia) lotzen dituen errepidean.

Bi hildako

Herenegun izandako auto istripu batean bi pertsona hil ziren Sorian (Espainia), Aragoiko autobidean.Tafallako bizilagunak ziren biak (Nafarroa). Artikulatutako kamioi batekin talka egin zuten 160. kilometroan, eta bi gazteak —28 eta 33 urtekoak— hil egin ziren. Ezbeharraren ostean, haien gorpuak erretiratu egin zituzten. Beste hainbat ibilgailuk ere kalteak izan zituzten. Bi hildakoakzihoazen automobilaren aurka jo zuen kamioi gidaria, ostera, onik atera zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.