Iaztik hona hipotekak, batez beste, 89 euro igo dira hilean, eta euribor indizea gora doa artean

Kuotak are handiagoak izango dira, Europako Banku Zentralak diruaren prezioa garestitzen segituz gero

2006ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Gero eta astunagoa da hipoteka pagatzea. Ez bakarrik etxebizitzen garestitzeak etenik ez duelako eta mailegu handiagoa eskatu beharra dagoelako, euriborra sano igo delako baizik. Interes aldakorreko maileguetan erreferentzia gisa erabiltzen den indizea dagoeneko%3,546koa da: 2002ko abuztutik maila gorenean dago. Asteotan hipoteka berritu behar dutenek, beraz, are zulo handiagoa igarriko dute poltsikoan. Batez besteko mailegua 140.172 eurokoa da Euskal Herrian, eta oinarri gisa, 20 urterako amortizazio epea duen hipoteka bat hartuz gero, kuota 89 euro garestituko da hilean.

Hipoteka sei hiletik behin ez, urtero berritzen dutenek hartuko dute kolperik latzena. Izan ere, iazko irailetik ari da euriborra etengabe igotzen -%2,168koa zen urtebete atzera-. Adituek uste dute, gainera, indizeak ez duela goia jo. Ez oraingoz. Litekeena da Europako Banku Zentralak interes tasak igotzea etzi: %2,75etik %3ra. Eta dirua garestitu ahala, euribor indizea %3,65era edo pixka bat gorago igoko den susmoa dago.

Kontsumoa moteldu dezake hipoteka maileguen garestitzeak, eta etxebizitzen merkatuari ere eragingo dio, ziur aski. Uztailean bizi-bizi jarraitu du Araban, Gipuzkoan, Nafarroan eta Bizkaian: 3.602 hipoteka sinatu eta maileguan 505 milioi euro eman zizkieten finantza erakundeek herritarrei. Baina irailerako ikusiko da euriborraren eta interes tasen igoerak etxebizitzen salerosketa apaltzen duen. Hazkunde ekonomikoarekin arduratuta daude adituak eta administrazioak.



DIRUAREN PREZIOA GORA. Are gehiago Europako Banku Zentralak dirua garestitzeko joerari eusteko asmoa duen honetan. Etziko aurreikusita dagoen igoeraz gain, beste bi alditan igoko ei ditu interes tasak aurten. Abendu hondarrerako, %3,50 eta %4 artean egon daiteke Euroguneko diruaren prezioa. Puntu eta erdiko aldea da hori. Buruhauste latza hipoteka bat dutenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.