Gaur goizean gertatu da istripua, bisita egin ahal izateko bidaian abiatu direnean. Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, 08:00etan abiatu dira Lemoatik, eta Ubide herrira iritsi baino lehenago orkatz bat atera zaie errepidera. Orkatza bera ikusteko denborarik ere ez dute izan, eta kotxearen aurrealdearekin jo dute. Onik daude, baina autoak kalteak izan ditu.
Sakabanaketak 2013. urtean eragin duen bosgarren istripua izan da, Etxerat-ek ohartarazi duenez. "Baina, sakabanaketa martxan jarri zenetik hamasei senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan eta ehunka izan dira eragin dituen istripuak, eta ondorioz, baita kalte fisiko, ekonomiko nahiz psikologikoak", gaineratu du elkarteak.
Presoen sakabanaketa politika kritikatu du elkarteak gaurko ezbeharraren harira. "Gu sakabanaketa eta honek dituen ondorio latzak pairatzera kondenatuak gaude. Gure bizitzak arriskuan jarri behar izaten ditugu, gure eskubideak guztiz urratzen direlarik. Baina, gertaera hauek argi erakusten dute sakabanaketarekin berehala amaitu behar dela. Ezin dugu horrela jarraitu. Gure senide eta lagunen eta gure eskubidea delako, euskal presoak Euskal Herrian egon behar dute".