Ibai Uriarte lau urteko Zaratamoko (Bizkaia) haurrari herenegun gauean egin zioten hilabete luze batez itxaron duen ebakuntza. Umearen tamainako organoak zituen emaile baten zain zegoen sendia, eta hilak 28ko 23:00etan jakinarazi zion Madrilgo (Espainia) La Paz erietxeko transplante taldeak familiari emaile bat zutela. Sei orduko ebakuntzan, pankrea, hesteak, gibela eta duodenoa transplantatu zizkioten mutilari.
Operazioa ongi joan zela jakinarazi dute erietxeko arduradunek, baina datozen orduetan umearen osasunak zer nolako bilakaera duen ikusi behar dutela ere ohartarazi dute. Baretua izango dute beste bi egunez. Hala ere, bada itxaropenerako arrazoirik: Santiago Yus erietxeko transplanteen koordinatzailearen arabera, organo anitzeko bost transplante egiten dira urtean Espainian, «oso emaitza onargarriak» lortuz.
Umeen transplanteetan erreferentea da Madrilgo La Paz erietxea, eta Manuel Lopez Santamaria sendagileak zuzendu du ebakuntza. Espainian, umeen transplanteetan adituena da Lopez Santamaria. Abenduaren 2an eraman zuten Ibai Uriarte erietxe horretara, eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean izan dute uneoro.
Hilabete batez zain
Ordura arte, semeak ez duela aparteko osasun arazorik izan dio Javier Uriartek, aitak. Azaroan, ordea, ohiko azterketa batean, konkor bat aurkitu zion sabelean pediatrak. Orduan hasi zen haurraren eta sendiaren oinazea. Gurutzetako ospitalean (Bizkaia) egin zioten ebakuntza, azaroaren 29an, ustez tumorea zena kentzeko. Ez zen tumorea, amaren sabelean garatu ez zen anaia bikia baizik. Oso kasu arraroa den arren, ez da bakarra. Hasiera batean, «fetu bizkarroi» hori kentzeak ez zuen arazorik sortu behar, bainaebakuntzan, okerrera egin zuen haurraren osasunak. Umearen egoera «larria» zela esan eta La Paz ospitalera eramatea gomendatu zioten sendiari Gurutzetako erietxeko sendagileek. Hala egin zuten abenduaren 3an bertan.
Organoak jasotzeko itxaron zerrendan lehena jarri zuten, baina ez zen batere erraza bere gorputzera egokitutako organo emaile bat aurkitzea: hamar eta 30 kilo bitarteko ume baten organoak behar zituen.
Hilaren 14ra arte, La Pazeko erietxeko medikuek ezin izan zuten haurra operatu, bere osasuna ez baitzen batere egonkorra. Egun hartan, ordea, umearen egoerak nabarmen egin zuen hobera, eta ebakuntza egin zioten. Lau orduz, organoek jasandako kalteak ikusi zituzten, eta bide batez, hildako parteak kendu zizkioten. Medikuek ezin zioten, ordea, kirurgia gogorregirik egin, haurrak fisikoki prest egon behar baitzuen edozein momentutan transplante bat jasotzeko.
Hainbat teknikari esker, umearen osasuna egonkortzea lortu zuten, behar zituen lau organoak iritsi bitartean, bizirik eutsi ahal izateko.
Ibai Uriartek jaso ditu beharrezkoak zituen organoak
Gurutzetatik larri Madrilera eraman behar izan zuten mutikoak hobera egin du ebakuntzari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu