Denboralea

Ibaiak gainezka egin dezakeen lekuetan autoa ez uzteko eskatu die Iruñeko Udalak herritarrei

Alerta laranja ezarri dute kostaldean, haize eta olatu handiengatik; barrualdean, alerta horia dago, elurragatik. Uholde arriskuagatik, larrialdi plana indarrean jarri du Jaurlaritzak.

Itsasaldia, Zarautzen. ARGAZKI PRESS
2015eko otsailaren 25a
08:46
Entzun

Denboralearen eraginez, Ebro ibaiak gainezka egin du Erriberako hainbat herritan, Castejonen eta Tuteran kasu, eta aurrealerta egoeran daude Nafarroako beste ibai batzuk; esaterako, Ega ibaia Andosillan. Arga, Arakil eta Larraun ere hazita doaz. Arriskuaz ohartarazi du Iruñeko Udalak, eta Argak gainezka egin ohi duen lekuetan ibilgailuak ez aparkatzeko eskatu die herritarrei.

Uholdeen arriskua dela-eta, Eusko Jaurlaritzak larrialdi plana aktibatu du. Olatu handiak espero dira gaur kostaldean: alerta laranja ezarri dute Bizkaian eta Gipuzkoan. Aemeten arabera, litekeena da sei-zazpi metro arteko olatuak izatea gaur eta bihar. Olatu handi horiek sor ditzaketen arazoak saiheste aldera, Getaria eta Zarautz arteko N-634 errepidea (Gipuzkoa) itxita egon da goizean hiru orduz.

Denboraldea kostaldean nabarituko da batez ere, baina barrualdean ere nabari da haren eragina. Elurra dela-eta, Etzegarate mendatean adi gidatu behar da. Bigarren mailako errepideetan, kateak behar dira Opakua, Aiurdin, Gatzaga, Barazar eta Urduñako mendateetan.

Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa osoan alerta horia dago ezarrita elurragatik eta haize boladengatik. Elurra 500-700 metrotara egin dezake, eta euri asko egingo duela espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.