Bilboko Deustua auzoan itxi duten Ibaigane ikastetxeko langileak bihar bilduko dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin. Iragan hilabetean eskolaren itxiera baieztatu zutenetik, aldarrikapen ugari egin dituzte. Guztientzako irtenbide bat nahi dute beharginek. 280 ikasleak Deustuko bi ikastetxetan kokatu dituzte dagoeneko. Beharginekin, ordea, inor ez da jarri harremanetan. Informazio falta leporatu diote Jaurlaritzari, eta egoera konpontzeko esperoan jarraitzen dute.
Duela hilabete igorri zioten bilera eskaera Hezkuntza Sailari. Eskolaren itxiera "ezohiko" gertaera bat dela uste dute langileen ordezkariek. Hori dela eta, "salbuespeneko neurriak" galdegin dizkiote Jaurlaritzari. Ikastetxea itxi osteko asteazkenero bezala, atzo ere elkarretaratzea egin zuten Bilbon, Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren parean.
Kristau Eskolak "erantzukizunik ez"
Langileek salatua dute "bazter batean" laga dituztela; lanik gabe utzi dituztela. Airean dago haien etorkizuna. Halere, konponbide eske segitzen dute. Baikor dira oraindik ere: abuztuaren 31 bitarte beharrean jarraituko dute. Irailean, baina, ateak itxiko ditu eskolak. Argibideak jaso nahi dituzte "lehenbailehen".
Deustua auzoan egon da, 1976. urteaz geroztik, Ibaigane eskola. Jesusen Bihotza komentuko mojena da; baita Kristau Eskola sarearen parte ere. Langileen ordezkariak Kristau Eskolarekin bildu dira, baina ezer gutxi lortu dute. Esan diete Kristau Eskolak ez duela "erantzukizunik" eskolaren itxierarekin; beraz, langileekin ere ez dagokiola neurriak hartzea.
Haur Hezkuntzan hasi eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara arteko ikasleak hartu ditu urteetan. Dena dela, diru gabeziak buruhauste franko sortu dizkio. Hain justu, bideragarria ez delako itxiko dute.