Bilbon itxi berri duten Ibaigane ikastetxeko irakasleen ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin bildu dira, Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza Saileko sailburuordearekin, hain zuzen. Uste dute Jaurlaritza dela arazoari irtenbidea eman behar diona.
Jesus Ituño ELAko ordezkariak azaldu duenez, Aurrekoetxeak haien eskakizunak jaso ditu, eta adierazi die horiek aztertu ondoren hurrengo astean deituko diela, emango dituzten pausoak zehazteko. Ituñoren arabera, Jaurlaritzak berretsi die bere egitekoa ikasleak kokatzea zela eta hori egina dutela —280 ikasleak Deustuko bi ikastetxetan kokatu dituzte—. Gaineratu duenez, Aurrekoetxeak esan die langileei dagokienez egin dezaketena "oso mugatua" dela, ikastetxe pribatu bat delako.
ELAk zehaztu du ikastetxea itunpekoa dela eta administrazio publikoak %80an finantzatzen duela. Beraz, sindikatuak uste du "erantzukizunen bat" izango duela Jaurlaritzak. Langileek proposatu diote "zuzenean edo zeharka presioa egiteko" Kristau Eskolari eta Salesiarren ikastetxeari, kontratazio berrietan aintzat har ditzaten.
Ibaigane eskola Deustua auzoan egon da 1976. urtetik. Jesusen Bihotza komentuko mojena da; baita Kristau Eskola sarearen parte ere. Langileen ordezkariak Kristau Eskolarekin bildu dira, baina ezer gutxi lortu dute.