Ospitalean artatu ostean senda agiria jaso du bart erreskatatu zuten erromesak. Atzo gauean Ibañetan erreskatatu ostean gaur eraman dute erietxera. Nafarroako larrialdi zerbitzuek hori eta bere laguna erreskatatu behar izan zituzten atzo. Brasildarrak dira biak, gizon bat eta emakume bat, eta Donejakue bidea egiten ari zirela Ibañeta inguruan galdu ziren atzo. Gizona arratsaldean hipotermiak jota geratu zen, eta emakumeak harentzat laguntza bila joan beharra izan zuen. Bidean, ordea, amildu egin zen eta ezin atera geratu zen, leku busti batean. Gizona atzo arratsaldean bertan erreskatatu zuten. Emakumea, ordea, Izandorreko aterpetxera eraman behar izan zuten, bere egoera dela eta. Gaur goizean eraman dute Nafarroako Ospitalera, Iruñera, helikopteroz. Beste helikoptero batek erreskatean parte hartu dutenak atera ditu handik eta Orreagara eraman, han utzi baitzituzten ibilgailuak.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, atzo arratsaldean deitu zuen gizonezkoak Nafarroako larrialdi zerbitzuetara, ohartaraziz Izandorreko aterpe inguruan zegoela, diabetesa duela eta bakarrik zegoela, jatekorik gabe. Haren bila joan ziren erreskate taldeak, eta arratsaldean bertan topatu eta ospitaleratu zuten. 21:00 aldera emakumearen dei bat jaso zuten larrialdi zerbitzuek, ohartaraziz amildegi batean zegoela, bustita, eta hanka hautsita zuela. Gauerdian erreskatatu dute. Emakumeak 38 urte ditu, eta gizonak, 29.