Ibar errudun jo du epaimahaiak; epaileek izango dute azken hitza

Bizi guztiko espetxealdia ala heriotza zigorra ezarri erabakiko dute otsailaren 24an. Gero, defentsak helegitea aurkeztuko du

Ibarren senideak, ebazpena jakin berritan, atzo. GIORGIO VIERA / EFE.
jokin sagarzazu
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Bizi guztiko espetxealdia ala heriotza. Horiek, oraingoz, Pablo Ibarrek dituen aukerak. Hiru hilketa leporatuta, AEBetan epaitu dute euskal jatorria duen estatubatuarra; 16 urte darama heriotzaren korridorean. Atzo, erruduntzat jo zuten Floridako Fort Lauderdaleko auzitegiko epaimahaiko kide denek; aho batez hitz egin behar zuten epaiketa berriz ez egiteko. Hori erabakia: zigorra zehaztuko dute otsailaren 24an egingo den auzi saio batean. Hogei egun lehenago, epaimahai berak jakinaraziko du bi aukeretako zein eskatzen duen. Fiskaltzak heriotzaren alde egin du jada. Defentsak jakinarazi du bizi guztiko zigorra galdegingo duela; gerora ere helegitea aurkeztu ahalko du.

Epaimahaiak heriotza zigorra eskatuz gero, oraingo auzitegiko epaile Dennis Baileyk bi aukera izango ditu: bat egin ala bizi guztikoa ezarri. Epaimahaiak bigarrenaren alde eginez gero, epaileak ezingo du zigor txikiagoa jarri. Erabakia, baina, ez litzateke irmoa izango, eta zigorraren arabera aurkeztu ahal izango du defentsak bere helegitea: heriotza zigorra balitz, Floridako Auzitegi Nagusian; bizi guztikoa balitz, Apelazio Auzitegi Federalean. Epaiketa berriz egitea eska dezake.

Ibarrek 46 urte ditu, eta 24 urte darama preso; 16 heriotzaren korridorean. Epaia kolpe latza izan da familiarentzat. «Ez nago ezertarako», erantzun zien Candido Ibar aitak auzitegian zeuden kazetariei atzo. «Hau ezin da ulertu, ez nuen espero. Epaimahaiko denek iritzi bera ez zutelako epaiketa berriro egitea, akaso; baina hau...».

Epaimahaiak 1994an Floridanizandako hiru hilketaren errudun egin du Ibar. Ostalaritza klub baten jabea eta bertan lanean ziharduten bi neska hiltzea egotzi diote. Hori jazo eta hamazazpi egunera atxilotu zuten, droga trafikoarekin loturiko liskar batean. Horretan aritzen zela aitortu izan du Ibarrek, baina beti ukatu du klubeko gertakarian izan zela.

Bere aurkako akusazioan gako izan dira hilketa izan zen lekuan zeuden segurtasun kameren grabazio batzuk eta han topatu zuten elastiko bateko DNA arrasto batzuk. Bi frogetan irregulartasunak daudela salatu du Ibarren defentsak: irudiei buruz, ez delako argi ikusten hiltzailearen aurpegia, eta bideoaren zati batzuk desagertu egin direlako auzibidean; eta DNA frogei dagokienez, horien zaintza ez zelako behar bezala egin, fiskalak «manipulatu» egin zituela.

Horiek hala, deliberazioan, epaimahaiko kideek zalantzak izan dituzte, eta irudiak berriro ikustea eta hainbat deklarazioren transkripzioak eskatu dituzte; besteak beste, DNA adituenak.

Atzokoarekin, bigarrenez zigortu dute Ibar. 2000n, heriotza zigorra ezarri zioten. Baina, frogak ahulak zirela argudiatuta, berriro egiteko agindu zuen Floridako Auzitegi Nagusiak. «Herri epaimahaiaren sisteman sinisten dut, baina kasu hau oso konplexua da», esan zuen atzo Benjamin Waxman defentsa abokatuak.

Jaurlaritzaren kritika

Eusko Jaurlaritzak epaia kritikatu du, baina «erabakiaren oinarri juridikoetan sartu gabe». Ohar batean esan du «giza eskubideen ikuspegitik» ez dela zuzena. «Munduan inork ez luke heriotza zigorraren esperoan egon behar». Gipuzkoako Diputazioak, berriz, babesa agertu dio familiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.