Bilerak egiteagatik, Batasunaren ilegalizazioaren harira, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEko buruzagiak eta Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena, Pernando Barrena eta Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko buruzagiak epaitzeko izendatutako tribunaleko bi epaile errekusatu egin ditu Jaurlaritzak. Zehazki, Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea eta Antonio Garcia magistratua.
Lehendakariaren egoera prozesala aztertu eta gero hartu du erabaki hori Jaurlaritzaren osoko bilkurak, "auzi honetan bi epaile hauek azaldu duten alderdikeria eta epaiaren funtsaren gainean duten interes zehatza kontuan izanda".
Epaile horiek biek beren iritzi politikoen berri eman izan dutela agertu du Jaurlaritzak, eta nabarmen utzi dutela lehendakariaren kontrakoak direla. "Ruiz Piñeiro jaunak eta Garcia jaunak, biak ala biak, arazo politikoak konpontzeko elkarrizketa politikoaren aurka azaldu izan dira, behin eta berriro eta gainera, adierazpen horiek lehendakariaren auzia epaitu behar zuen auzitegiko kide gisa egin izan dituzte. Epaile Magistratuak izan arren, iritzi politiko zehatzak azaldu dituzte eta Lehendakariak eta Jaurlaritzak planteatutako eta defendatutako ideia demokratikoen aurka azaldu dira", dio Gasteizko Gobernuak plazaratu duen oharrak.
Gainera, Jaurlaritzak erantsi du epaiketa ikuspegitik ere kutsatuak daudela bi epaile horiek, dagoeneko 'Ibarretxe auziko' bide penalarekin zerikusia duten gaiak erabaki dituztelako.
Bi magistratu horiek eta Nekane Boladok osatu behar zuten epaimahaia. Ermuko Foroak Bolado errekusatzeko asmoa du.
Politika
'Ibarretxe auziko' hiru epaileetatik bi errekusatuko ditu Jaurlaritzak
Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Antonio Garcia epaileak alderdikeria erakutsi dutela argudiatu du. Nekane Bolado da auzirako izendatu duten hirugarren epailea, eta hura Ermuko Foroak errekusatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu