Juan Jose Ibarretxe 1999-2009 urte bitarteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Bartzelonan Building a New State konferentziaren mahai-inguruan Espainiako Gobernuari ohartarazi dio "demokrazia faltak independentismoa areagotu" egiten duela, eta Euskal Herria eta Kataluniari ematen dizkion "ezetzek" haren "indarra baino gehiago, ahultasuna" adierazten dutela.
"Mende honetako demokrazia falta ez da Francoren diktaduraren modukoa izango, baizik eta Euskal Herriari eta Kataluniari esango zaie ezer ez dela aldatuko, ezer aldatu ezin delako", azaldu du Ibarretxek. "Galdetzen duenak ez du zatitzen; zatitzen duena entzuten ez duena da", esan du, eta azpimarratu du bera "ezezkoen" bildumagilea izan dela urte askotan, baina bera "baiezkoen" militantea dela, baita demokraziarena ere. "Ezin zaio herriaren ahotsari entzungor egin".
"Euskal eredua" aztertuta
Ibarretxek pasa den irailaren 27an bere doktoretza tesia jasotzen zuen liburua aurkeztu zuen, Bilbon: El caso vasco. El desarrollo humano sostenible (Euskal kasua. Giza garapen jasangarria). "Euskal eredua" aztertu ondoren, nork bere identitateari eusteak herri gisa garatzea, ongizatea areagotzea eta ekonomikoki haztea ere dakarrela ondorioztatu du.