Baketzea

Ibarretxe elkarrizketa eta akordiorako "eragozpen" dela uste du PSE-EEk

PSE-EEko zuzendaritzak gogor kritikatu ditu Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak atzo egindako adierezpenak; areago, egun Ibarretxe alderdien arteko elkarrizketa eta akordiorako "eragozpen" dela iritzi dio. Izan ere, balizko alderdien mahaian beto eskubidea erabili nahi izatea egotzi zien Ibarretxek sozialistei, beren azken agiri politikoan esparru politikoa hitzartzeko erabateko gehiengoaren printzipioa ez dela nahikoa esan dutelako. PSEko zuzendaritzak egiazko baketze prozesu bat zer den ez dakiela erantzun dio Ibarretxeri, eta bazterketan oinarrituta eta harro jokatzea leporatu dio.

2006ko otsailaren 17a
19:54
Entzun
Bakea eta normalizazio politikoa ahalbidetu dezakeen balizko alderdien mahaiaren inguruan ezadostasun nabariak agertu dituzte Jaurlaritzak eta PSE-EEk.

EAEko sozialistek Euskadi 2006. Askatasun eta elkarbizitzarantz agiria plazaratu zuten duela egun batzuk baketzearen inguruko jarrera zehazteko. Atzo, txostenaren edukiak kritikatu zituen Ibarretxek, eta balizko alderdien mahaian "beto eskubidea" erabili nahi izatea egotzi zion PSE-EEri. Izan ere, alderdien mahaiko erabakiak adostasunez hartu behar direla nabarmendu dute sozialistek, gehiengoaren balioa gutxietsita. Ibarretxeren iduriko, PSEk demokraziari "izua" diola adierazten du jarrera horrek, eta gutxiengo batek ezin duela gehiengoak hitzartzen duena aurrera ateratzea eragotzi erantsi zuen.

EAEko lehendakariaren atzoko adierazpen horiei erantzun die gaur PSE-EEko zuzendaritzak prentsa ohar baten bidez, eta oso kritika gogorra egin dio Ibarretxeri. Besteak beste, egungo aro politikotik at egotea, gidarita politikoa aurrera eramateko gai ez izatea, EAJren ildo nagusitik aldenduta egotea eta bazterkeraiz eta harrokeriaz jokatzea egotzi diote. "Ibarretxek, Egibarrek eta EAk egiazko bake eta normalizazio prozesu bat zer den ulertu gabe jarraitzen dute, eta ondorioz, akordioa ezinezkoa bihurtzen dute", dio sozialisten idatziak. Ildo horretatik, Ibarretxe akordiorako "eragozpen" dela azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.