Urriaren 16a. Egun hori jarri dute bilera egiteko Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuaren presidenteak. Madrilen bilduko dira, Moncloan, hemengo iturriek gaur jakinarazi dutenez.
Ibarretxek ekainera bitartean akordioa lortu nahi du Espainiako Gobernuarekin indarkeriaren bazterketaz eta erabaki eskubideaz -lehengo ostiralean eman zuen proposamenaren berri Eusko Legebiltzarrean-, eta atzo eskatu zion bilera Zapaterori. Telefonoz deitu zion, baina Zapaterok ez zuen hartzerik izan. Honek hots egin dio gaur, eta eguna jarri dute.
"Lasaitasuna" eskatu du lehendakariak gaur, "urduritasun handia" nabaritu duelako ostiralean ekimenaren berri eman zuenetik. "Indarkeria eta izaera politikoko gatazka bukatzeko proposamen demokratikoa mahai gainean jarri baino ez dugu egin guk. Ez da autodeterminazioaren irizpideari buruzko erreferenduma, edo independentziari buruzkoa, batzuek esan duten bezala. Lasai. Atea irekitzeko galdeketa da, lehen pausoa”.
Zapaterok barikuan bertan erantzun zuen "Ibarretxeri entzun" egingo diola, baina honek ere "entzun" egin beharko diola. Jaurlaritzaren buruari lehen erreakzio hura "zuzena" iruditu zaio. Espainiako Gobernuaren beste kide batzuek "ateak itxi" dituzten arren, Ibarretxek dio bera ez dela horrekin geratu. Gobernuak ETArekin hitz egin bazuen, “euskal herritarrek aukeratutako lehendakariarekin zergatik ez” duen hitz egiten behar galdetu du Ibarretxek.
Bide batez, berak Jaurlaritzako hiru alderdien babesa daukala ziurtatu du (EAJ, EA eta EBrena).
Politika
Ibarretxe eta Zapatero hilaren 16an bilduko dira, Madrilen
Jaurlaritzaren lehendakariak "lasaitasuna" eskatu du, "urduritasun handia" nabaritu duelako ostiralean ekimenaren berri eman zuenetik. "Ez da autodeterminazioaren irizpideari buruzko erreferenduma, edo independentziari buruzkoa. Lasai. Atea irekitzeko galdeketa da”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu