Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak batzarra egin du gaur goizean Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren atzoko epaia, Eusko Legebiltzarrak onartutako herri galdeketaren legea galarazten duena, aztertzeko. Ondoren, agerraldia egin dute sailburu guztiek Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru zutela erabaki horren inguruan duten iritziaren berri emateko.
Hain zuzen ere, Konstituzionalari men egiten diotela baina, aurrera begira galdeketa babesten eta defendatzen segituko dutela iragarri du lehenik eta behin Ibarretxek. "Men egiten diogu, baina ez dugu etsitzen", azpimarratu du. Hori dela eta, kontsulta egiteko eskubidearen aldeko mugimendua sustatuko dutela iragarri du lehendakariak: "baketsua sozialki, baina aktiboa dagozkigun eskubidea arlo politiko eta juridikoan defendatzen". Jada irailaren 1ean jakinarazi zuen Ibarretxek Konstituzionalak kontsulta galaraziz gero Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian debekua salatzera bultzatuko zituztela herritarrak alderdi politikoen bidez.
Gaur salaketa jartzeko "dei formala" egin die herritarrei, eta Jaurlaritzako kideek, "herritar gisa" irailaren 23an aurkeztuko dutela salaketa Estrasburgon iragarri du.
Ildo horretatik, Europako auzitegiek euskal herritarren eskubideen defentsan izan dezaketen eraginkortasuna nabarmendu du lehendakariak, atzo arau fiskalen auzian Europako Batasuneko auzitegiak hartu zuen erabakia aintzat hartuta. Jaurlaritzaren arabera, euskal erakundeen autonomia fiskala berretsi zuen auzitegi horrek, eta, horrenbestez, posible ikusten du Espainiako Justiziak debekatutako galdeketa eskubidea Europak aintzat hartzea.
Espainiako Justiziareki eta, oro har, demokraziarekin kritiko agertu da Ibarretxe. Batetik, epaiaren berri duela bi egun zenbait hedabideren bitartez jakin zela eta Espainiako demokrazia "filtrazioen demokrazia" dela salatu du. Bestetik, Konstituzionalak galdeketa debekatzeko arrazoi politikoak izan dituela iritzi dio, eta Espainiako Justizia "politikak zulatuta" dagoela esan du.
Kontzeptu hori are eta gehiago azpimarratu du Gobernu Kontseiluaren adierazpen instituzionala irakurtzean, Konstituzionalaren epaia "aurrez idatzitako gidoi" batean oinarritzen dela iritzi baitio, eta gidoi horren oinarrian "estatu arrazoiak" daudela. Areago, gidoiaren lehen orria Zapatero Espainiako gobernuburuak idatzi zuela esan du.
Politika
Ibarretxe: "Ez dugu etsiko"
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debeku epaiari men egin arren, herri galdeketaren aldeko gizarte mugimendua sustatuko dutela iragarri du Jaurlaritzako lehendakariak, "dagozkigun eskubideak politikoki eta juridikoki defendatzeko". Zehazki, Europan salaketa jartzeko deia egin die herritarrei, eta Jaurlaritzak irailaren 23an jarriko duela iragarri du. Espainiako Justizia "politikak zulatuta" dagoela salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu