Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak "Euskadik bere bidea eraiki dezan euskal autogobernua egokitzeko" laguntza eskaini dio Iñigo Urkullu lehendakari berriari, Noticias Taldeko egunkarietan argitaratutako artikulu batean dioenez. "Etorkizuneko erronkei aurre" egiteko egokitu behar da estatutua, Ibarretxeren iritziz. "Besteak ezin ditugu ahaztu, baina guk gure bidea egin behar dugu".
Azken legealdian PSE-EE egon da Jaurlaritzako agintean, PPren babesari esker hain handi batean, eta Ibarretxek uste du "euskal gizarteak sekula" ez zuela "onartu" haien ituna. "Herri bat gobernatzea eta boterean egotea nahastu zituzten. Leihotik sartu ziren eta leihotik atera dira". Haren ustez, Urkulluk lortuko du "itxaropena" sortzea gizartean.
1999-2009 artean izan zen Jaurlaritzako buru Ibarretxe. Haren garaian EAEko Estatutu berria onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, baina Espainiako Kongresuak atzera bota zuen.