"Joko honekin amaitu egin beharra dago", esan du EAEko lehendakariak. "Norbaitek pentsatzen al du Katalunian estatutua erreformatzeko alderdi guztiek, PPk ezik, egin duten proposamena Auzitegi Konstituzionalean inpugnatua izan daitekeela eztabaida galarazteko?", galdetu die kazetariei Ibarretxek. Euskal Herrian "egoera hori bizitzen ari" garela adierazi du, "eztabaida ukatzen, eta aldi berean irtenbidea ukatzen", gaineratu du.
Euskal Herriaren subirautza Espainiaren esku dagoela gogoratu dute behin eta berriz Espainiako Gobernuko ordezkariek, eta Ibarretxek galdetu du ea euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko gaitasunik ez dugun izango. "Euskal gizartea ez da izango izan nahi ez dugun zerbait", azpimarratu du.
"Nire proposamena ideia bat da"
Bere plana aurrera eramateko erabilitako prozeduraz ere mintzatu da Ibarretxe, eta Gernikako Estatutuaren 46. artikuluak jasotzen duen bidea erabili duela azaldu du. "Nire proposamena ideia bat da, eta Legebiltzarrak onartzen duenean pasako da arau izatera", baina mementoz "ideia batez hitz egiten ari direla esan du, eta "ideiei ez zaie helegiteak jarriz erantzuten", azpimarratu du.
EAEko lehendakariaren esanetan, zenbait konstituzionalistek diote bere proposamenaren onarpenak ez duela suposatzen Konstituzioaren aldaketarik. "Auzitegi Konstituzionalaren arazoa eta epaitegien arazoa legeak betetzean datza, eta ez legeen aldaketetan", nabarmendu du.
"Epaileak legeak betearazteko daude"
"Europak eskatzen dituen aldaketen ondorioz Espainiako Konstituzioa aldatu egin behar bada, zer esango du Auzitegi Konstituzionalak, Diputatuen Kongresuan Konstituzioa aldatzeko ekimenak inkonstituzionalak direla?", galdetu du Ibarretxek. Epaileak legeak betearazteko daudela azpimarratu du, eta "ez eztabaida ukatzeko".
Halaber, Eusko Jaurlaritzak, hainbat erakundek eta Justiziako hainbat kidek ere Manuel Jimenez de Parga Auzitegi Konstituzionaleko presidentea "ez dela inpartziala izaten ari" pentsatzen dutela nabarmendu du.
Ibarretxe plana
Ibarretxe: "Ideiak demokratikoki defenda daitezkeen edo ez dago jokoan"
Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren arabera, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean jarritako inpugnazioak zalantzan jartzen du "ideiak demokratikoki defenda daitezkeen edo ez". Katalunia irratian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, Espainiako Gobernuak jarritako helegitea "astakeria politiko eta juridiko bat da, funtsean pentsatzea ukatzen duena eta Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde batek ekimen bat abian jartzeko legitimitatea ukatzen duena".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu