Azken egunetan, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia gehiago izan da EH Bilduko hautagaien ahotan EAJkoenetan baino —EAJkoa da Ibarretxe—. ETB1en eginiko eztabaidan, Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburuak Urkulluri esan zion Iriartek berak Ibarretxeri eman ziola botoa; asteazkenean, berriz, Pello Urizar Iriarteren zerrendakideak aipatu zuen lehendakari ohia: "Ibarretxerekin ilusionatu ginenok badugu leku bat EH Bildun".
Aipamen horien ostean, bere posizioa argitu nahi izan du Ibarretxek. Sare sozialetan idatziriko mezu batean azaldu du bere "tokia EAJn" dagoela: "Euskal Herriak eta EAJk eman didatena nik eman diedana baino askoz ere gehiago da".
Nire tokia EAJn dago. Euskal Herriak eta EAJk eman didatena nik eman diedana baino askoz ere gehiago da
— Juan Jose Ibarretxe (@LHKibarretxe) 2016(e)ko irailak 17