Korrika 16ko antolatzaileak, hots, AEK-ko ordezkariak hartu ditu gaur goizean Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari Juan Jose Ibarretxek, Gasteizen, Ajuria-Enean.
Bileraren ostean ez Ibarretxek ez AEK-ko ordezkariek ez dute adierazpenik egin, baina bertara sartu aurretik AEK-ko arduradun Edurne Brouardek esan du Euskal Herri osoko beste eragile politiko, sozial, kultural eta sindikalekin bezala, Korrikaren eta euskararen aldeko mezua helarazi nahi izan diotela Ibarretxeri ere. Era berean, harekiko esker ona azaldu du Brouardek, "horren testuinguru politiko korapilatsuan" haiek hartzeko prest agertu delako.
Brouardekin batera Mertxe Mujika Korrika 16ko arduraduna eta Oskar Elizburu eta Asier Amondo AEK-ko ordezkariak izan dira bileran.
Brouardek esperantza agertu du, Eusko Jaurlaritzan aldaketak egonda ere hurrengo Korrikan Ajuria-Eneko agintariak haiek hartzeko.
Korrika 16 Tuteran (Nafarroa) hasiko da hilaren 26an, eta Euskal Herri osoan barrena ibili ondoren Gasteizen amaituko da apirilaren 5ean.
Korrika 16
Ibarretxek AEK-ko ordezkariak hartu ditu Ajuria-Enean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu