Legez kanporatzeen inguruan, %22k esan dute alderdi politikoak «hala nola Batasuna, agian ANV...» legez kanpo uztea ondo iruditzen zaiela. Kontrakoa esan dute %45ek, eta «ez ondo ez gaizki» erantzun dute %17k. Beste horrenbeste izan dira galdera erantzun ez dutenak. Horretaz gain, «ezker abertzalearen sektore batzuen kontrako epaiketak» gaizki iruditzen zaizkie %36ri, ondo %20ri, ez ondo eta ez gaizki beste %20ri, eta ez dute erantzun galdera egin dietenen %24k.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxeren inguruan beste galdera bat ere egin diete herritarrei Euskal Soziometroan. Hain justu, Ibarretxe epaitegietara eramatea zer iruditzen zaien galdetu diete. Gaizki iruditzen zaiela erantzun dute %48k, eta ondo iruditzen zaiela %9k. %23ri ez zaie ez ondo eta ez gaizki iruditzen, eta %20k ez du erantzun.
KEZKA NAGUSIA ETXEBIZITZA. Euskal Soziometroaren arabera, gai politikoak ez dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren kezka nagusiak, hala ere. Kezkatzen dituen hiru gai nagusi aipatzeko eskatuta, etxebizitza izan da gehienek aipatu duten gaia. Lan merkatuari lotutako gaiek jarraitu diote -langabezia, lan baldintzak, ezegonkortasuna, soldatak, lan istripuak...-; eta hirugarren tokian dago «indarkeria, terrorismoa, bake falta, bake prozesua». Laugarren kezka da arazo ekonomikoa, eta bosgarren tokian dago «Euskal Herriko gatazka eta egoera politikoa».
Inkestako galderei erantzun dietenen %19 ez daude batere pozik «giza eskubideek Euskadin duten errespetuarekin». %37 ez daude oso pozik, %35 nahikoa pozik daude, eta %4 pozik daude. Beste %4k ez dute galdera erantzun. «Edozein ideia politiko defendatzeko Euskadin dauden aukerekin» oso pozik ez daudenak %36 dira, %26 ez daude batere pozik, %28 nahikoa pozik daude, eta %3 oso pozik. % 7k ez du erantzun.
Independentziari buruzko galdera ere egin dute. Egoera politikoaren arabera aukera horrekinados edo desadostasunean egongo lirateke herritarren %34; independentziaren alde daude biztanleen %28, eta kontra, %27.
Alderdiekiko duten begikotasunari buruz galdetuta, biztanleek begikoen duten alderdia EAJ dela diote. 1etik 10era bitartean 5 puntu ditu alderdi jeltzaleak, PSE-EEk 4,4; EAk 3,7; EBk 3,5; Aralarrek 3,3; EHAK-k 2,9; Batasunak 2,8; eta PPk 2. Notarik onena jaso duen politikaria, berriz, Juan Jose Ibarretxe da, 5,4rekin. Inkestan ageri diren gainerako politikari guztiek bostaren azpiko kalifikazioa dute.
AHTren alde daude herritarren %53
Euskal Soziometroaren arabera, abiadura handiko trenaren alde daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %53. Inkesta horrek dioenez, proiektu horren kontra daudenak %15 dira. Alde ez baina kontra ere ez daudenak %18 dira, eta ez dute erantzun %24k.Etxebizitzaren gaiari erreparatuz, inkesta erantzun dutenen %34ren ustez, ondo daude Jaurlaritzak eta udalek hartutako neurriak; %26ren ustez, gaizki; %24ren iritzian, ez ondo eta ez gaizki; eta %15ek, ez dute galdera erantzun.