Ibarretxek esnatzeko eskatu du, PP eta PSE-EE gehiengoa lortzeko asmoz ari direlako

Ezker abertzalearen zerrenden baliogabetzea "azpikeri demokratikoa" izan dela ohartarazi du EAJko lehendakarigaiak. Urkulluk uste du Madrilen haien artean dituzten ika-mikak arreta desbideratzeko besterik ez direla.

2009ko otsailaren 16a
11:15
Entzun
«Esnatu, esnatu behar gara ezkutuan daukatelako erabateko gehiengoa». PSE-EE, PP eta UPyDren aurkako estrategiaren aurka era baketsuan borrokatzeko deia egin du Juan Jose Ibarretxe EAJko Arabako zerrendaburuak eta lehendakarigaiak. Ezker abertzalearen zerrenden baliogabetzea «azpikeri demokratikoa» izan dela ohartarazi du. «Eusko Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko daukaten era bakarra da».

Gasteizko Mendizorrotzako kiroldegian jarraitzaile asko bildu dira. Ibarretxe eta Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak indar handiz hitz egin dute. Ekitaldi osoan lehendakarigaiak txalo zaparrada asko jaso ditu, eta berak entzulegoa behin baino gehiagotan animatu du eskuekin. Bere jarrerak guztiz bat egin du mitinaren mezuarekin.

Urkulluk babes osoa erakutsi dio Ibarretxeri. Haren eskarmentua nabarmendu du, haren erranetan, konfiantza eragiten duelako. «Egiten badaki, eta etorkizuneko asmoak ere baditu orain gauden krisi horretatik Euskadi indartua atera dadin». Ibarretxeren erranekin bat egin du, erranez hiruren artean Eusko Legebiltzarra bereganatu nahi dutela bozemaileak ohartu gabe. «Ez dute nahi abertzaleak mobilizatzea, ezta Madriletik autogobernua zalantzan jartzea onartzen ez dutenak hautsontzietara joatea ere».

Haien artean Madrilen dituzten ika-mikak nahita eginak daudela uste du Urkulluk. Preseski Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian horrelako batasuna ezinezkoa dela pentsarazteko. Herritar sineskorrei zuzendu zaie. «Aldaketa lasai prestatzen dute bozemaile abertzalea ez beldurtzeko».

Ekonomiaz hitz eginez Ibarretxek Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak bere kudeaketari buruz egindako kritikei erantzun die. Galdetu dio ea Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari kritika bera egin dion, oroitaraziz Espainian langabeziaren tasa %14 dela, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %8 baizik ez. «Idei aurrerakoiekin harro dabiltzanei zuhur» ibiltzeko eskatu die, ez baitu ezagutzen Eusko Jaurlaritzak pentsio txikienak osatzeko hartutako neurria baino hobeagorik.

Mendizorrotzakoa ez da Ibarretxek egunean izan duen ekitaldi bakarra. Goizean, hainbat gazterekin bildu da, eta haiekin gai batzuk eztabaidatu, hala garraioa, nola unibertsitatea eta lanbide heziketa. AHT defendatu du, erranez «Europarekiko lotura arazoa» konponduko duela, eta bidenabar bertze herrietako unibertsitateen ateak irekiko. Ingurumenaren aldetik ere ona iruditzen zaio. «Ekologista guztiek diote jendea eta garraioa trenera eraman behar dela». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitateak onak direla uste du, baina orain Europakoekin lotu nahi ditu, hitzarmenak lortu ikerketa garatu ahal izateko, eta hemengo ikasleak atzerrian ikasketak hobetzeko aukera emateko.

Egibar Tolosan

Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak eta Gipuzkoako zerrendaburuak ere egutegi betea dauka. Tolosan izan da goizean. PSOE eta PPren jo puntuan daudela adierazi du hark ere. «Lehendakaria garaitu nahi dute, horrela gertatuz gero, Euskadi menean izanen dutela uste baitute».

Geroari begira «Euskadi gehiago» eskatu du. «Etorkizuna ez da Espainiatik pasatzen». Politikoki, debekua eta euskal gizartearen nahiaren ukazioa baizik ez du ikusten Madrilen, eta ekonomikoki «atzeraldia, atzera egitea eta desoreka». Horrek eragina badu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina autogobernu gehiago egonen balitz baliabide gehiago egonen lirateke krisiari aurre egiteko, haren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.