Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Eudelek (-EAEko- Euskal Udalen Elkartea) akordioa sinatu dute gaur, "gizartearen parte-hartzea bultzatzeko, bakea eta normalizazio politikoa eraikitzeko". Barajasko atentatuaren ondoren, "ETAk herriaren ilusioak apurtu ditu berriro", Ibarretxeren eta Eudelen ustez.
"Aurreko su-etena bukatu zenean amildegira joan ginen. Orain berriro joan behar al dugu?", galdetu du Ibarretxek. "Amildegira ez joateko, bide bakarra dago: sare sozial indartsua eratu behar dugu eta gizartearen parte-hartzea bideratu, beste aukera bat lantzeko eta lortzeko".
Lehendakariak eta Eudeleko presidente Karmelo Sainz de la Mazak sinatu dute hitzarmena, Gasteizen, eta herri eta hiri hauetako udaletan abiatuko dute ekimena: Durangon, Gautegiz-Arteagan, Gernika-Lumon, Leioan, Mungian, Azkoitian, Donostian, Bergaran, Tolosan, Amurrion eta Laudion. Donostiakoa (PSE-EE) eta Amurriokoa (EA) ez beste udalak, EAJren esku daude. Eusko Jaurlaritzak finantzatutako teknikari batzuek plangintza eta metodologia bat egingo dute, eta udalek euren ikusiko dute nola garatu. Gero beste udalek bat egin ahal izango dute ekimenarekin; "ekimenak ez du lurralde aldetik mugarik".
Gorka Espiau Elkarri-eko zuzendaritzako kide ohia ari da ekimena koordinatzen.
Ibarretxek eta Eudelek gizartearen parte-hartzea bultzatuko dute, "berriro amildegira ez joateko"
Durango, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Leioa, Mungia, Azkoitia, Donostia, Bergara, Tolosa, Amurrio eta Laudioko udalek abiatuko dute ekimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu